Bi anaia, bi estilo
Euskara, ohiko musika estiloetatik harago eraman dute Igor eta Jon Barreros anaiek. Zesura taldeko abeslaria da Igor, ...
Euskara, ohiko musika estiloetatik harago eraman dute Igor eta Jon Barreros anaiek. Zesura taldeko abeslaria da Igor, StarBluesekoa Jon. Rap-a da lehenengoren musika estiloa eta bluesa da bigarrenarena. Urte batzuk badira bi taldeak Goierrin sortu zirela, eta pixkana beren tokia hartzen ari dira.
Mugak apurtzeko helburuarekin, euskaraz aritzen dira bi taldeak. Jarraitzaile asko dituzten estiloak dira biak, baina euskaraz abesten duten tal-deen artean aukera gutxi dago. StarBlueseko abeslariak esandakoaren arabera, «etxean gaude eta euskara da gure hizkuntza, zergatik ez horrekin aurrera egin?». Eta entzuleek oso ondo hartu dituzte, «ate berri bat ireki» baitiete.
Rap musika motak, eta hortik sortzen diren beste hainbat musika estilok, indar handia hartu dute azken bost urteotan Euskal Herrian, eta gutxi badira ere, euskaraz aritzen diren beste talde batzuk ere badaude, baita Goierrin bertan ere. Dena den, ama hizkuntzan aritzea da Zesurakoek egindako aukeraketa.
Bidea zabaltzen
Bien artean StarBlues da eskarmentu gehien duena, 2010ean ekin baitzion bere bideari. Lehenengo urteetan sortutako hainbat kanturekin, taldearen lehenengo diskoa aurkeztu zuten joan den urtean, Ordiziarrock jaialdiaren barruan. Lehen urtea igarota, balorazio «oso positiboa» egiten du abeslariak, Gu geu izeneko diskoak «han eta hemen ate ugari zabaldu» dizkielako.
Ekainaren bukaeran, Tolosako Blues jaialdian jotzeko aukera izan zuten. Pauso handiago bat emanez, pasa den astebukaeran, Hondarribiko Blues jaialdian izan ziren, bluesaren handiekin eskenatokia elkarbanatuz. «Sorpresa itzela» hartu zuten jaialdian jotzeko deia jaso zutenean. Jaialdiaren antolatzaileei diskoa bidali bazioten ere, ez zuten baiezkorik jasotzeko esperantza gehiegirik, baina lana gustuz eta gogoz egiten denean, emaitzak ere onak izan ohi dira eta horrela gertatu zaio StarBlues taldeari ere. Hondarribian bizitakoa «ikaragarria» izan da, «deskribatzen oso zaila».
Kamioi mugikor batean hasi ziren jotzen, eta bluesaren handiekin ere jo dute jada. Denboraldia Agurainen (Araba) amaituko dute, hilaren 28an emango duten kontzertuarekin. Oporren ondoren, Lazkaoko Maizpiden ere joko dute.
Zesura, bi urteko bidea
Zesura, berriz, orain dela bi urte sortu zuten. Taldekideek txikitatik ezagutzen dute elkar, kuadrilla berekoak dira. «Ongi pasatzea zen helburu nagusia». Lehenengo abestia egin zutenean, eta entzuleen artean izandako harrera ona ikusita, aurrera jarraitzea erabaki zuten. Eta pixkana-pixkana, «gehiegi espero gabe», bi urte igaro dira, kontzertu ugarirekin eta abestiak sortuz.
Sukaldetik atera berri dute Zesurakoek diskoa, Gure garaia izenburupean. Orain dela 15 bat egun masterra eta kopiak egitera eraman, eta dagoeneko jendaurrean aurkezteko prest dago. Igor Barrerosek dioenez, «bi urte igaro eta gero, su bajuan egindako diskoa da». Hasiera-hasieratik lan guztia «ondo» egiten saiatu dira, eta emaitza ikusita, «pozik» daude taldekideak. Lehenengo diskoak «soinu potentea» dakarrela dio, rap-a beste musika estilo batzuekin nahastu baitute. Bederatzi kantek osatzen dute eta umorea, politika eta gaurkotasun gaiak lantzen dituzte.
‘EH tropikala’ abestia
Euskal Herrikoa klima tropikala dela dio Igorrek; «hondartzara joan eta euria egiten du, mendira joan eta berdin, eguraldiak ez digu gehiegi laguntzen». Egoera hori eta umorea konbinatuta sortu zen Euskal Herri tropikala abestia. Ana Urrutia, Euskal Telebistan eguraldia ematen duen kazetariari aipamena ere egiten diote. Horregatik, «berarekin harremanetan jarri» zirela kontatu du Zesurako abeslariak; nortzuk diren azaldu, abestiaren inguruan berarekin hitz egin eta abestia bera ere bidali zioten. Urrutiari «asko gustatu» zitzaion eta bideoklipean agertzera animatu zen. Umil-umil joan ziren eta espero gabe gauzak lortzen ari dira. Jatortasunez iritsi dira eta uste ez zituztenak lortzen ere ari dira.
Material berria
Kontzertu berri baten aurrean diskoa aurkeztera joan ohi dira StarBluesekoak, «baina jada urte bat pasatu da» eta poliki-poliki abesti berriak sortzen ari dira. Oraindik goiz da bigarren diskoaz hitz egiten hasteko, baina «hori ere iritsiko da». Buruan bueltaka «ideia berriak dantzan» dituzte, «doinuak, letrak eta denbora tarte bat hartzeko amorratzen» daude material berri hori prestatzen hasteko. Zuzenekoari ere buelta bat eman eta ilusioz ekin nahi diote irailari, oporren ostean.
Diskoaren aurkezpena oraindik egin gabe badaude ere, Zesurakoek ere badute material berria lantzeko gogoa. Diskoa bihar jarriko da salgai eta «ilusioz beterik» daude. Baina geldi egoten ez dakiten horietakoak dira gazte hauek eta «taldeko indarra eta hain beharrezkoa den ilusio hori mantentzeko», abesti berrietan pentsatzen hasi nahi dute.