
Ordizian, Santa Ana jaietako haurren egunaren barruan, Txantxariak animazioa eta haur jolasak antolatu dituzte, Plaza Nagusian. Emanaldira gerturatu diren Gaztetxoek, aspaldiko jolasak gogora ekarri ahal izan dituzte eta bide batez, hain ezagunak ez diren beste jolas berriagoak ere ikasi dituzte. Horrez gain, aisialdi unean, kalean euskaraz egin daitezken jolasen bidez, euskararen erabilera bultzatzea du helburu saioak.

Bestalde, kirolak ere izan du bere tartea arratsaldean. 17:00etatik aurrera, Oiangu pilota elkarteak antolatuta, infantil mailako paleta txapelketako finala jokatu da, Beti Alai pilotalekuan. Aldez aurretik, sailkapen fasea jokatu dute. 14 pilotari aritu dira lehian bikoteka. Markel Regil eta Euken Aierbe batetik eta Danel Erice eta Mikel Lacallek neurtu dituzte indarrak finalean. Toki berean, baina 18:00etan hasita, Xabi Aiestaranen omenezko XIV. Pala Txapelketa Herrikoiaren finalak jokatu dira, gomazko pilotarekin.
Hurrengo ekitaldiak
Horrez gain, ekitaldi egitarau zabala egongo da gaur Ordizian. 20:00etan, txikien kuadrillen kalejira egingo dute, Burrubazale txarangak alaituta. Iluntzean berriz, haurren mozorro dantzaldia, Beti Alai pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Zezen-suzkoa ere aterako da 23:15ean, Arboledan. Pixka bat beranduago, 23:30etan, Rocalean taldearen emanaldia eta danborradako kantineren aurkezpena, Plaza Nagusian eta ordu berean, baina Domingo Unanue Plazan, disko-parranda. Eta rocka nahiago dutenentzat, Fumut, Potrotaino eta Las Tipex talden kontzertua txosnetan, 00:00etatik aurrera.
Bihar, igandea, beste gauza askoren artean, eguerdian, haurren ohiko aurreskua eta arratsaldean, haurren danborrada, egongo dira.