‘Legazpiarrak’ erakusketa ikusgai jarri du Julian Gilek Juan Kruz ile apaindegian. Hainbat legazpiarren ofizioak irudikatu ditu estudioan egindako argazki bilduman. Argazkiak irailera arte ikusi ahalko dira.
Adin bat duen jendearekin hitz egitea gustatzen zaio Julian Gil (Villamayor de los Montes, Burgos, 1960) argazkilariari. Gaztelan jaio zen baina jaio eta berehala Legazpira etorri zen. «Adinekoek eskarmentua dute, jakintza, lasaitasuna eta iragana nahiz etortzeko dagoena transmititzeko gaitasuna dute», dio. Juan Kruz ile apaindegian dagoen Legazpiarrak erakusketan giza pertsonen jarduna erakutsi du argazkilariak, baita Legazpiko ofizioen paisaia humanoa ere; pertsona bat ofizio bakoitzeko, erretratu bat pertsona bakoitzeko.
Botikaria, medikua, arotza, txistularia, argazkilaria, jostuna, fabrikako langilea, ehiztaria, iturgina, idazlea, argazkilaria eta futbolaria, besteak beste. Futbolaria Irene Paredes da; gazteena.
Argazki guztiak estudioan egin ditu, Ikatza argazkilari elkarteak duen estudioan. Izan ere, Julian Gil aspaldi da Ikatzako kidea. Estudioan atrezzoa erabili du ofizio bakoitza irudikatzeko. Esate baterako, Fenoll botikariaren armairutxo bat erabili du, zeina botikaz betetako apalean bihurtzen da argazkian. Nor bere ofizioaren elementuekin agertzen da erretratuetan.
Gilek legazpiarren bospasei argazki zituela kontatu du, erretratuak. «Jaime Motak duen liburu bat hartu nuen oinarri. Argazkilari handia zen bera, eta nik, nire xumean, bere ideia nire egin dut ofizioak irudikatzerakoan», jarraitu du. Motak Malagako jende nagusien ofizioak bildu zituen erretratu bidez liburu hartan eta liburuarekin lortu zituen irabaziak Afrikara bidali zituen ikusmen arazoak dituen pertsonei laguntzeko.
Esklerosi anizkoitza
Gilek bi ideiak hartu zituen: erretratuena eta diru bilketarena. Izan ere, aurretik bilduma osoa ikusgai jarri zuen Legazpiko Kultur Etxeko aretoan eta bertan itsulapiko bat ipini zuen jasotakoa esklerosi anizkoitza dutenei laguntzen dien Ademgi elkarteari emateko. «Nire anaiak gaixotasun hau dauka eta nire aletxoa jartzea erabaki nuen».
Juan Kruz Fernandez ile apaindegiko ugazabak –bere aita ere badago erretratatutako legazpiarren artean– erakusketa ile apaindegira ekartzeko aukeraz hitz egin zion, baita Gorka Salmeron argazkilariak ere –Salmeron ere ageri da bilduman–. Gilek ez zuen zalantzarik egin.
Florencio Gil
Bilduma osoa 47 argazkik osatzen dute eta ile apaindegiko hormetan 13 kabitzen dira. Argazkilariak argazkiak aldatu ditu erakusketa ikusgai dagoenetik harik eta erretratu gehien erakusteko.
Legazpiarrak erakusketaren bigarren parte bat egiteko animatzen du jendeak, baina dioenez «denbora behar da». Argazki bakoitza lantzeko astebete behar du eta produkzio lana ere ez da makala; «Jendea lotzeak eskatzen du bere esfortzua, batzuk beste batzuk baino errazago ematen dizutelako baietza».
Badago argazki bat berezia dena Gilentzat. Florencio Gil bere aita zena ageri den erretratuan urteetan fabrikan laneko buzoa jantzita dago.