1936ko uztailaren 27ko Beasaingo sarraskia gogoan
Igartza Monumentu Multzoko fusilatuen oroigarrian, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean eraildako beasaindarrak eta ondorengo hilabete eta ureetan erailak edo zigortuak izan zirenak omendu dituzte gaur iluntzean. Irakurketa taldekoen errezitaldien ondoren, duela 81 urte Beasainen gertatu zen historia gogoratu dute. Musikarien eta dantzarien agurraren ondoren, lore eta kandela eskaintza egin dute bertaratu direnek.
Beasaingo fusilatuen aldeko herri ekimenaren esanetan, “gaur, batez ere, hildako eta zigortutako haien familiakoen eguna da eta familia horiek gure errespetu eta miresmen osoa merezi dute beren hildakoei eta zigortuei omen eginez. Guk, hemendik, elkartasuna eta hurbiltasuna agertu nahi dizkiegu gaurkoan”.
1936ko uztailaren 27ko gertakariak
“1936ko uztailaren 18an, militar batzuek Errepublikaren aurka altxatu ondoren, Nafarroan eta Araban sarraski handiak egin eta ia lurralde horiek osorik beren mende hartuta, Iruñetik eta Lizarratik Goierri hartzera etorri ziren militarrak, erreketeak eta falangistak, Pablo Cayuela teniente koronela buru zutela.
Goierrin 3 lekutatik sartu ziren: Lizarrustitik behera etorrita Ataundik, Etzegaratetik behera etorrita Idiazabal eta Olaberritik, eta Otsaurtetik behera etorrita Zegama eta Segura aldetik. Helburuak, besteren artean, CAF lehenbailehen hartzea eta zen eta bitartean, herritarrak izutzea eta beldurra sortzea izan ziren.
Hemen ez zegoen gerrarako armarik eta gizaki prestaturik haiei aurre egiteko. Beñaran Guardia Zibileko kapitainak, guardia zibil batzuek, Eibartik etorritako miliziano batzuek eta gaizki armatutako boluntario batzuek egin zieten aurre, gogor, baina denbora laburrez. Uztailaren 27an, gutxi gorabehera 16:00etan, beren mende zuten Beasaingo herrigune nagusiena. Hurrengo egunean, uztailaren 28an, herriak aukeratutako udala kendu egin zuen Cayuelak, eta uztailaren 29an, Alberto Ruiz Moriones komandanteak beste udal bat izen zuen bere gogora.
Eta sarreratik bertatik hasi zen sarraskia. Pako Etxeberriak 2012an bere hitzaldian esan zuen bezala, erailtzeak, fusilatzeak, torturak, oldartzeak, arpilaketak, lapurretak, hertsatzeak, eta abar, denetik gertatu zen ondorengo orduetan, egunetan, hilabeteetan eta urteetan.
Beasainen, uztailaren 27tik 28rako gauean bertan, era, adin eta pentsamolde askotako 35 pertsona hil zituzten. 1942ra bitartean beste 16 hil zituzten, batzuek epaitu eta fusilatuta, beste batzuek eraman eta nonahi hilda, eta beste batzuek kartzelan eduki eta “iheslarien legea” aplikatuta. Gainera, badira beste 4 pertsona gerraren zeharkako eraginez hildakoak ere.
Horiez aparte, gerran, beste 30 bat hil ziren (beasaindarrak gehi Beasainen hilak) Errepublikari eusteko borrokan, gudari edo miliziano moduan, eta beste 35 beasaindar altxatuen alde borrokatuz.
Urte haietan kartzelatuak 300dik gora beasaindar izan ziren eta zigorrak, heriotza-zigorretik hasi eta hilabeteetan inolako epaiketarik gabe kartzelan egotea bitartekoak izan ziren, edota urteetan langile batailoietan, esklabo moduan sosik jaso gabe, lan behartuetan aritzekoak.
Kaleak ere ez ziren lasaiagoak izan eta ilera zerora moztu eta errezino olioa emanda erakusgai erabili zituzten emakume errukarrietatik hasi eta edozer gauzagatik isunak ordaindu behar izan zituztenetaraino, denetik aurki daiteke. Euskaraz hitz egitea debekatu egin zuten eta bat eta bi baino gehiago izan ziren horregatik isunak ordaindutakoak eta mehatxuak jasotakoak. Beren etxeak armadun altxatuek okupatu eta ahal izan zuten lekuan bizi behar izan zutenak ere badira.
Gerra ondorenak, gosea izan zuen berekin eta estraperloa eta ezkutuko lana, jatekoa nola edo hala eskuratzeko.
Horrelakoak dira Beasainen egun haietan eta ondorengo urteetan gertatu ziren gertakarien historiak”.