Abuztua ere festaz blai
San Inazio jaiak dituzte Legazpiko San Inazio auzoan, Idiazabalgo Katean eta Urbian. Gabirian eta Zerainen Andre Mari jaiak izango dira. Itsason eta Zegaman 'sanbartolomeak', eta Brinkolan 'sanagustinak'
Gaur amaituko diren Ordiziako Santa Ana jaiei, Legazpiko San Inazio auzoko San Inazio jaiek hartuko diete lekukoa bihar. 19:00etan txupinazoa botako dute eta astelehenera bitartean, ekintza ugari antolatu dituzte Beti Gazte Animakzio Elkarteak eta auzotarrek. San Inazioren oroimenez, Idiazabalen Izalgo Gazte Asanbladak larunbaterako eta iganderako prestatu dute egitaraua. Urbiko ekitaldia, artzainen eta mendizaleen ohiko jaia izaten da, Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoek eta Fondak antolatutakoa. Meza, bertsolariak, hamaiketakoa eta artzai txakur lehiaketa izango dituzte. Hurrengo festa eguna, abuztuaren 10ean izango da, San Lorentzo eguna ospatuko dute Gabiriako Ugaran Goikoa auzoan. Meza eta hamaiketakoa izango dituzte eta arratsaldean, mus txapelketa. Gabirian eta Zerainen Abuztuaren 13an hasita, berriz, Andre Mari jaiak izango dira protagonista Gabirian eta Zerainen. Gabirian, Baztarrikakoek irakurriko dute aurtengo pregoia. Abuztuaren 14ko ohiko bertso saioan, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Unai Mendizabal eta Maider Arregi ariko dira kantuan; azkeneko biak, Osinalde bertso sariketako txapelduna eta txapeldunordea. Abuztuaren 16an, Zopilotes Txirriaos, Skakeitan eta Selektah Stepy taldeen kontzertuak izango dira. Abuztuaren 17an amaituko dira festak, ardo beltz banaketa eta afari merienda egingo dute. Hurrengo egunean, 17:00etan, herria garbitzeko hitzordua jarri dute. Gabiriara joateko, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an, gaueko autobus zerbitzua egongo da, Legazpitik abiatuta, Urretxutik eta Zumarragatik barrena, eta Ordiziatik abiatuta, Beasainen eta Ormaiztegin geratuta. Zerainen ere, abuztuaren 13an hasiko dituzte Andre Mari festak, ohiko gibel jatearekin. Dena den, festetako pregoi ofiziala, abuztuaren 14an, 20:00etan izango da. Ondoren, sagardo edana eta txekor jana izango dituzte. Bederatzi sagardotegiren uzta dastatzeko aukera izango da. Abuztuaren 15ean, mozorro eguna ospatuko dute. 20:30ean triki-poteoa egingo dute eta 21:30ean, gazta afaria. Txartelak Ostatuan egongo dira salgai. Mozorrotzeko gaia filmak da. Abuztuaren 16an, herri afaria egingo dute, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Mahaia gordetzeko 18:00etarako eman behar da izena. Abuztuaren 17an, 16:30ean, herria txukuntzeko hitzordua jarri dute. Itsaso, Zegama eta Brinkola Abuztua amaitzeko, azkenik, Itsasoko eta Zegamako San Bartolome jaien txanda izango da, abuztuaren 23tik 27ra. Zegamaren kasuan, ohitura denez, abuztuaren 16an edo 17an herritarrei jakinaraziko diete festa egitaraua. Itsason, herri afaria egingo dute Elortza eta Larrañaga trikitilariekin eta Maialen Akizu eta Julio Soto bertsolariekin. Juan Karlos Irizar piano jotzailearen kontzertua ere izango dute. Brinkolan, abuztuaren 26an, Alaitasuna Errondailaren eta zumba saioak izango dituzte; abuztuaren 27an, berriz, 18:30etik aurrera, txikienentzako zezentxoak eta poniak.