CAFek kontratu berriak lortu ditu Aljerren eta Stockholmen
Beasaingo CAF tren egileak beste bi kontratu sinatu ditu aste honetan. Aurrenekoa, Aljerren (Aljeria) 6 kotxeko 12 unitate hornitzeko kontratua da; bigarrena, Stockholmeko tranbien horniketa-proiektuaren zabalpena. Bi proiektu horien zenbatekoak 120 milioi euroko kopurua gaindituko du.
Aljeriako kontratua Aljer hiriburuko metroa kudeatzen duen INNEO plataformarekin itxi dute. CAFek 12 unitate diseinatu eta fabrikatuko ditu, oinarri moduan Erromarako eta Bukaresterako egindako trenak hartuta. Aljerrek 2011. urtean inauguratutako metro linea bat du, eta iaz, 4 kilometroko luzapena egin zioten; guztira, 13,5 kilometroko luzeera eta 13 geltoki ditu. Egun 14 unitate daude martxan, eta horiek ere CAFek hornitutakoak dira, aurreko kontatu baten bidez.
Bigarrena, lehendik martxan zegoen horniketa proiektu baten zabalpena da. Suediako Stockholm hiriko garraio-sarearen enpresa arduradunarekin hitzartu dute. Lehendik CAFek egindako 22 unitate dabiltza martxan hiri horretan, eta orain, beste zazpi unitate egingo dituzte. Hiru kotxez osatutako solairu baxuko unitateak dira, Urbox plataformakoak. CAFek azaldu duenez, unitate horiek “Eskandinaviako herrialdeen muturreko klimatologia-baldintzetara bereziki egokituta” daude. Gainera, kontratu horren garrantzia azpimarratu dute CAFeko arduradunek, “Suediako operadoreak CAFengan duen konfiantza” agerian uzten duelako.