Espainiako hiriburu batzuetarako 22 autobus elektriko fabrikatuko ditu Irizarren Adunako lantegiak
Irizarren Adunako lantegia
Irizar taldeak sortutako Irizar e-mobility enpresari esleitu diote Espainiako hiriburu handietarako 22 autobus elektrikoen fabrikazioa. Lan horiek Adunako lantegian egingo dira eta serieko produkzioaren hasiera ekarriko dute. Enpresa berriaren lehen 100 lanposturen sorrera ere ekarriko dute.
Irizar e-mobilityk, Madrileko Udalarekin eta Empresa Municipal de Transportesekin sinatutako kontratuari jarriki, Espainiako hiribururako 15 autobus %100 elektriko egingo ditu, zero igorpenekoak. Iebus modeloko 15 metroko luzera duten autobusak izango dira, eta horiekin batera, 15 kargagailu ere hornituko ditu Adunako lantegiak, autobusak gauez kargatzeko. Autobusak eta kargagailuak aurtengo abenduan entregatzea aurreikusten dute Irizarrekoek.
Bestalde, Bartzelonako Transports Metropolitans de Barcelona enpresarentzako beste lau autobus egingo ditu, 18,73 metroko luzerakoak, artikulatuak, %100 elektrikoak eta zero igorpenekoak. Autobus horiek 2018ko ekainean jarriko dira martxan, eta Irizar markako 18 metroko lehen autobus artikulatuak izango dira Espainian. Aurrez, Irizarrek eta Donostibusek beste autobus artikulatu bat probatuko dute sei hilabetez Donostian, ospitalera doan 28. linean.
Valentzia hiriak ere lehen autobus elektrikoa erosi du eta Bilbok 12 metroko beste bi. Hiru autobus horiek urtea amaitu aurretik entregatuko dituzte.
Irizar taldea autobus elektrikoen sektoreko lehen fabrikatzailea da 2014az geroztik. Harrez gero, Bartzelona, Londres, Marseilla (Frantzia), Bilbo, Donostia eta Tarragonarako hainbat autobus elektriko fabrikatu ditu dagoeneko.