Mendian, hegan eta sarean
Hike&Fly. Oinez eta hegan. Hori da Imanol Urrestarazu (Lazkao, 1966) parapente zalearen filosofia. Mendia maite du, eta hegan egitea du afizio. ...
Hike&Fly. Oinez eta hegan. Hori da Imanol Urrestarazu (Lazkao, 1966) parapente zalearen filosofia. Mendia maite du, eta hegan egitea du afizio. Duela 26 urte hasi zen mundu honetan, eta urte batzutan utzita egon bazen ere, barruko harrak airera itzultzeko eskatzen zion. Azken zazpi urteetan etenik gabe dabil mendira igo eta jauziak eginez. Youtuben bere hegaldien bideoak zabaltzen hasi zen, eta orain, Oinez eta hegan.?Euskal Herrian Hike&Fly blogean biltzen ditu bere bizipenak.
Beste ezer baino lehen, mendizalea dela dio Urrestarazuk.?«Menditik hasi naiz ni. Parapente zale guztiak ez dira mendizaleak, eta niretzako hegan egitearen parte bat da mendira oinez igotzea». Lagunekin Pirinioetara joaten hasi zen gaztetan.?Han ikusi zuen aurrenekoz parapente bat, Jon Zubiarrain olaberriarrarekin batera. «Hura ikusi eta zera pentsatu genuen:?‘hau probatu beharra zagok!’». Esan eta egin. Hondarribian eskola bat zegoela jakin eta izena eman zuten. «Hiru eguneko ikastaroa egin genuen, eta berehala hasi ginen hegan. Orain prozesua luzeagoa izaten da». Harra segituan piztu zitzaien, eta bien artean erosi zuten aurreneko parapentea. «Garai hartan diruz ere justu antzera genbiltzan; bion artean hartu eta txandaka ibiltzen genuen». Lehen modelo hura «adreilu bat» zela dio, «oso rustikoa» oraingoen aldean. Gogoan du garai hartan Goierri aldean jende gehiago ere animatu zela.?«Gu hasi aurretik?Marron eta Kioskos bakarrik aritzen ziren, baina gerora jende gehiago hasi zen Ordizia eta Goierri aldean».
«Menditik hasi naiz ni.?Niretzat hegan egitearen parte da mendira oinez igotzea»
«Hiru eguneko ikastaroa egin genuen, eta berehala hasi ginen hegan. Orain prozesua luzeagoa izaten da»
«Orain informazio gehiago dago, jauzi egin aurretik hiru webgune ezberdin begiratzen ditut»
Imanol Urrestarazu, parapente zalea
Berriz ere airean
Inguruko beste askok bezala, Imanol Urrestarazuk ere parapentea alde batera utzi zuen, familia izan zuenean. «Mendia eta eskia ez nituen utzi, baina parapentea beti nuen buruan». Duela 7 bat urte heldu zion berriz. Lehengo parapentea zahartuta zegoen, eta azken urteetan mundu horrek izan duen garapena ikusita, berri bat hartzea erabaki zuen. «Garapen bat egon zela ikusteak animatu ninduen, gero eta parapente arinagoak eta seguruagoak egiten zirela jakiteak». Berria ekarri zuenean, zalantza egin zuen, beste ikastaroren bat beharko ote zuen; baina probatan hasi eta ondo moldatzen zela ikusi zuen.?«Txindokitik egin nuen aurreneko jauzia». Orain, lehen urte haietan baino «engantxatuago» dagoela dio.
Hike&Fly modalitatea filosofia bat ere bada. Hala ulertzen du behintzat Urrestarazuk. Mendira oinez igo eta ahal dela hegan jaistean datza. «Mendia maite baduzu oinez ibiltzera joaten zara, eta gero, ahal bada, jauzi egiten duzu; eta ezin bada, behintzat jarduera bat egin duzu, mendi buelta eder bat egin eta izerdia botata, ez zara esku hutsik bueltatzen». Material arinak erabiltzen dituzte, motxilan hartu eta mendira igotzeko modukoak –ekipo osoak 10-13 kiloko pisua du–. Batez ere Alpeetan, mendi inguruetan garatutako modalitatea dela dio. «Orografiak asko egiten du; badaude beste modalitate batzuk, trabesia luzeagoak eta egiten dituztenak, baina niri hau gustatzen zait».
Beti haizeari begira
Parapentean hegan egiteak badu «adrenalina puntu bat» eta airean «gozatua» hartzen da, baina zentzuz egin beharreko aktibitatea dela dio Urrestarazuk. «Hasieran ezeri erreparatu gabe abiatzen ginen, eta komeriaren bat edo beste izan dugu». Orain ordea, «erraztasun gehiago» daudela uste du. «Informazio gehiago dago.?Abiatu aurretik hiru webgunetan begiratzen ditut haizearen datuak». Indarra ez ezik, norabidea eta haize korronteak izan behar dituzte kontuan. «Normalean orduko 25-30 kilometrotik gorako haizearekin ez gara abiatzen». Baina haizea aldakorra da, eta hasieran bare zirudiena, haizete bihur daiteke hegaldian zehar. «Grazia eta jolasa ere hor dago, horri aurre hartzean eta egoera horietan moldatzean». Hala ere, unerik arriskutsuenak «aireratzea eta lur hartzea» direla dio, «hor izaten dira istripurik handienak».
Goierri eta Euskal?Herria parapentean aritzeko toki onak direla uste du. «Batez ere filosofia honetan, mendiarekin gozatuz; eta hegan egiterik ez badago, ez da ezer gertatzen. Baina kontuz ibili behar da termikoekin, hemen haize termikoak eta dinamikoak nahasten dira eta». Goierritik kanpo,?Sakana, Orduña, Sopela, Zarautz eta Kukuarri ditu gustuko tokiak. Hala ere, bere ustez Txindoki da jauzi egiteko lekurik onena. Ez etxetik gertu duelako bakarrik; «desnibel handia du, piramidala da eta edozein aldetatik aireratzeko aukera» ematen duelako baizik.
Bideo gehiago, Imanol Urrestarazuren youtubeko kanalean daude ikusgai.