«Sega Euskal Herria ezagutzera emateko izugarrizko aukera da»
Abuztuaren 18tik 20ra Europako Sega Txapelketan parte hartuko du Migel Mari Jauregi Altzo-k (Zaldibia, 1954). 63 urte beteko dituen hilean. Euskal ...
Abuztuaren 18tik 20ra Europako Sega Txapelketan parte hartuko du Migel Mari Jauregi Altzo-k (Zaldibia, 1954). 63 urte beteko dituen hilean. Euskal ligan 2. sailkatu zen. Maide Garmendia alaba ere lehiatuko da bere taldean, 2006an Aloña Jauregi alaba zaharragoa bezala. Almitzak 20 urte gainditu dituen honetan, sega Euskal Herriaren ordezkari izateko aukera aparta dela dio, baina ez dutela erakundeek ikusten.
Aurtengo belarrak eginda ia?
Gaur ere aritu gara. Belar zuloa atzo bete genuen, eta gaur estali dugu. Bi edo hiru ebakialdi ematen dizkiogu, beti. Ondo gobernatzen dugu belardia. Etxe ondoko sailean edozein aritzen da segan.
Ebaki eskuz, beraz?
Eskuz egiten dugu, bai. Segadorea, nola ba? Gainera konplikatuagoa da. Sega zorrotza baldin badaukazu, eskuz azkarrago egiten da. Etxean lau-bost behi dauzkat, eta horientzat. Jendeak segan egin dezan ere bai, eta neroni aritzeagatik. Segadorea arrankatu, matxuraren bat duela, euriarekin herdoildu dela… Badakizu zer lanak diren? Segarekin joan, 10 minutuan ebaki, eta kito.
Segak ere behar du atentzioa. Nola zaintzen dituzu?
Onena, ez utzi amusten. Eta sega onena ere, beti pikatu. Nik ohitura hori dut. Moteltzen ari dela ikusten dudanean, 10-12 minutuan pikatu bat eman, eta beti pronto edukitzen dut. Gure etxean 70 sega igual egongo dira. Denak ez badira ere, lau-bost beti martxan egoten dira. Nireak eta umeenak han daude, bakoitza bere izenarekin.
Sega bereziak ere ba omen dituzu, Legazpiko Patrizio Etxeberrian egindakoak eta.
Bai. Onak egiten zituzten Patriziorenean. Metalaren aleazioan, tenplean, forman asmatu zuten. Asteasuko Florentino [Maiotz] sega jartzaileak, Polipaso zenak [Migel Irazusta] eta horiek lehenagotik ari ziren asmatzen, sega apustuetarako zein izan zitekeen sega baliagarriena, luzeran, egituran-eta. Haiek asmatu zuten Euskal Herrian orain erabiltzen den sega.
Historikoki, orduan, sega ez da beti orain bezalakoa izan?
Aldatzen eta egokitzen joan zen. Gero, Lion inguruko fabrika handi batean ere Euskal Herrirako sega asko egiten zuten. Izanda gaude han, eta museo bezala jarri behar zuten orain. Sega batzuk oraindik badira euskal dantzarien eranskinekin. Orain dela 60 urte egiten zituzten Euskal Herrirako segak.
Segaren maitemindu bat zara?
Maitemindua, ez dakit. Betiko modu tradizionalean [ordubeteko lanean, ahalik belar gehiena ebakitzea] 1984ko bukaerara arte ibili nintzen, lehian. Azkenekoa aizkoran eta segan jokatu nuen, Larraitzen:?bost kanaerdiko eta gero ordubetera arte segan. Utzi-utzi ere ez diot egin, gero Agirrezabali laguntzen-eta aritu naizelako.
Nazioarteko segakerara, eta Europara jauzia, nola izen zen?
1994an-edo zen. Dusseldorfeko arkitekto bat etorri zen hona. Sega apustua ikusi, eta esan zuen haiek urtetan egiten zutela, Alemanian. 1995ean joaten eta ikusten hasi ginen, eta handik aurrera, urtero. Gutxienez pare bat aldiz urtean, leku batera ez bada bestera.
Europako Txapelketan 1996tik ari zarete. Euskal Herriaren izena zabaltzen?
Zabaltzen edo, bai. Europarrek gure berri badaukate, noski. Uste dut nahiko estimatuak garela, urtero leku askotatik deitzen digute eta. Azken urteotan Errusiatik ari zaizkigu, joateko eta joateko. Suitzako antolatzaileek [aurten Ingenbohl-Brunnen herrian da Europakoa] webgunean Euskal Herriaren deskribapen bat jarrita daukate: lurraldetasuna, biztanleria, euskararen hiztunak…
«Sega zorrotza baldin badaukazu, eguneroko belarra ebakitzea errazago egiten da eskuz»
«Betiko modu tradizionalean 1984ko bukaerara arte ibili nintzen, lehian. Azkenekoa aizkoran eta segan jokatu nuen, Larraitzen»
«Europan urtetan egin da sega lehiaketa. Baina gure berri ez zuten, ez guk haienik»
«Talentu kultural faltaren sentsazioarekin irteten gara hemen bileretatik»
Almitza elkartea sortzea ere mugarria izango zen, ezta?
Noski. Lehian 1996an hasi ginen, Oihan Beltzean (Alemania). Ondo prestatuta joan ginen, neska eta mutil talde bana. Jende askorentzat harridura izan zen. Europan urtetan egin da hori, baina gure berri ez zeukaten. Eta hemengo Federazioak ere ideiarik ez zuen haienik. Europarrek bazuten harremana:?Finlandiako jendea, letoniarrak, Suedia, Austria, Alemania… begira zenbat talde. Gu ginen ezjakinak. Hemen, kristorenak garelakoan, hemengo apustuekin eta gure Olasagastirekin. Eta, bitartean, begira zer egiten zuten.
Lehen harremanetik 21 urte pasatu dira. Eta orain, zer?
Eusten. Gure aldetik ari gara, baina hemen ez dugu lortu. Beste aldetik, Federazioa, Foru Aldundia, jaurlaritza ez dira busti. Ez jakin nahi bat dago. Federazioan ez dago ikuspegi hori; ez da behin ere egon, eta ez du asmorik, gainera. Halako pereza mental bat nabaritzen dugu. Lehiaketen formatua bera interesgarria da:?3 egun, sega pikatze txapelketak, sailkatze saioak, finalak, egunero musika taldeak… Garagardo ferien antzeko antolamendua.
Euskal Herrian, XIX. mendean gelditu gara herri kirolekin?
Ez dute ezer jakin nahi. Eskemak ez ditugu aldatzen. Hainbeste urte pasatu dira, guk ere etsi egin dugu. Abadiñon bileretan izanda gaude, Euskal Herriko federazioen administrazioen erdigunea han dagoelako. Gainera, bilera erdaraz egin behar. Jarrera aldetik harrituta gelditzen gara.
Etsita?
Etsita. Diputazioan ere gure proiektua aurkeztu genien, aurrekontu eta guzti. Basque Country formatuan, jaurlaritzaren bidez turismo aldetik egon litekeela zerbait… Jarrera da oztopoak jartzea, eta ez busti nahi izatea. Turismotik igual? Jaurlaritzari idatzi bat bidalita, eta bilera bat eginda gaude. Ez digu erantzun ere egin. Ez dute neurria ematen, eta talentu kultural faltaren sentsazioarekin ateratzen gara.
Zer suposatzen dizue zuei ekintza gabezia horrek?
Gure eginkizunerako, justu, dirua behar da. Orain ere, Suitzarako garraioa bakarrik 6.000 eurotik gora da.
Noiz arte iraun liteke horrela?
Ez dakit. Hasiera samarretik gabiltzanak bi edo hiru gelditzen gara. Jende berria badago, baina gogoa ere behar du segitzeko.
Segak zer balio dauka, nazio gisa, Europari begira?
Segak Europa oso-osoan du presentzia. Kazajstan ondoan urtero egiten da ekitaldi bat, Ingalaterran ere bai, AEBetatik ere deitu digute… Hau aukera bat da, elkarrekin harremanak egiteko, kulturalki elkar ezagutzeko, Euskal Herria ezagutzera emateko, bakoitzak duena aportatzeko. Izugarrizko aukera ikusten dugu. Baina ez daukagu mediorik.