Brontzea lortu du kilometro bertikalean eta urrea 15 kilometroko lasterketan. Bi denborak batuta, munduko txapeldun bilakatu da 19 urtez azpiko kategorian.
Irati Zubizarreta, atzo, urrezko dominarekin.
Lorpenez beteriko asteburua izan du Irati Zubizarreta beasaindar korrikalari gazteak Andorran jokatu den munduko mendiko lasterketen txapelketan. Ostiralean,
brontzea lortu zuen kilometro bertikalean. Atzo, berriz, garaile izan zen 15 kilometroko lasterketan. 2:16:17 denbora egin zuen, bigarrenari lau minutuko aldea ateraz
(sailkapena). Bi lasterketetako denborak batuta, munduko txapeldun bilakatu da Zubizarreta.
Igoeran atera die aldea lehiakideei
Garaipenarenkin “oso gustura” agertu da beasaindarra. Atzoko lasterketa hasieratik oso azkarra izan zela adierazi du: “igoeran atera nien aldea lehiakideei; jaitsieran arazoak izan nituen hankekin, eta gogorra egin zitzaidan”. Helmugara iritsi zenean bigarren egin zuela uste zuen. “Pozik nengoen bigarren postuarekin, eta lehenengo egin nuela esan zidatenean, pentsa!”, adierazi du.
Lehenengo aldiz parte hartu du Zubizarretak munduko txapelketan, Espainiako selekzioarekin, 19 urtez azpiko kategorian. Joan den astean
Goierriko Hitzari emandako elkarrizketan, txapelketan parte hartzeko “oso motibatuta” sentitzen zela adierazi zuen. Atzo gauean Andorran ospatu zuten garaipena, lehiakide guztiek batera afalduz, eta gaur dagoeneko Beasainera bueltan da.