Hogei lagun joan dira bisitara. 2008az geroztik egindako lanen inguruko azalpenak eman dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek.
Aranzadiko arkeologoak, azalpenak ematen. / Argazkia: Anduetza parketxea
Larunbatean bisita gidatua egin zuten San Adriango kobako aztarnategira, Anduetza Parketxeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta. Hogei lagun bildu ziren koban egiten ari diren lanen berri izateko.
Bisitako partaideak Aldaolako aparkalekutik oinez joan ziren kobara. San Adriango pasoak historian zeharreko garai ezberdinetan izan duen garrantziaz, aurkituriko aztarna eta ebidentziez, arkeologiako metodologia, metodo eta lan teknikei buruz zein aintzinako mito eta sineskerei buruz jardun ziren Jesus Tapia eta Alfredo Moraza arkeologo, Aranzadiko kide eta indusketa lanen arduradunak.
Aztarnategia 2008an jarri zuten martxan
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia sailak 2008.urtean jarri zuen martxan aztarnategi bat San Adrianen, eta aurten ere uztaileko bigarren hamabostaldian bertan izan dira indusketa lanak egiten. Dagoeneko goi-paleolitotik hasita XX. mendera arteko material arkeologikoak aurkitu dituzte; silexezko tresnak, hezur- eta fauna-hondarrak, txanponak eta arma-zatiak eta antzinako eraikinak…