Baserritarrak eta artzainak galaz jantziko dira asteazkenean, Euskal Jaien egun handirako
Aurreko urteetan bezala, egitarau oparoarekin iritsi dira Ordiziako Euskal Jaiak, baina guztien artean, etzi, asteazkena egingo den aparteko azoka eta latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa nabarmendu dituzte, gaur, Donostian, Foru Aldundian egindako agerraldian. 44. edizioa du aurten gazta lehiaketak eta berrikuntzaren bat edo beste ere izango du.
Pasa den larunbatean Ordiziako Emaneurre taldeak antolatutako, kuadrillen arteko herri kirol txapelketarekin hasi dira aurtengo Euskal Jaiak. Igandean berriz, jubilatuen eguna ospatu zuten. Hala ere asteazkenekoa izango da egun handia. Ordiziako azoka galaz jantziko da eta baserritarrek, jasotako uzta onenak jarriko dituzte erakusgai eta salgai. Horrez gain, goiz osoan zehar, era guztietako lehiaketak, erakusketak eta enkanteak ikusi ahal izango ditu Ordiziara gerturatzen denak.
Xabier Arrutik, Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendariak, «artzantza eta orokorrean, lehenengo sektorea balioan jartzeko eguna izango» dela nabarmendu du. Horrez gain, produktuaren, alegia, «gazta baten atzean dagoen lan guztia goraipatu» du. Horregatik, «aldundiak, artzantzaren etorkizuna bermatzeko helburuen artean, txaboletaraino bideak egitea dago».
Ordiziako alkateak, Jose Migel Santamariak, asteazkenekoa «lehenengo sektorearen erakuslehioa izango» dela adierazi du eta «herritarrak eta ingurukoak, antolatu diren ekintzekin Ordizian ongi pasatzera gonbidatu» ditu. Horrez gain, «artzainen eta baserritarren lana balioan jartzeko, haien produktuak erostera animatu daitezen dei egin» die Santamariak.
Miriam Molinak, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak, «Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eskerrak» eman dizkio, «horrelako eguna posible egiteagatik». Aurtengo gazta lehiaketako partaide kopuruari dagokionez, «55-60 gaztandegik parte hartuko» dutela aurreratu du. Datu bat ematearren, parte hartzaile gehien izan zen urtea 1992 izan zen, 109 gaztandegik hartu zuten parte. Bestalde, aurtengo gazta produkzioaren datuak ere aurreratu ditu; «2014az geroztik, urtez-urte produkzioa gora ari» dela nabarmendu du. Aurtengo kanpaina bukatu ez bada ere, «1.350 tona gazta ekoiztea» aurreikusten du Molinak. Idiazabal Jatorrizko Deituraren barruan dauden «gaztandegi kopuruak ere gora egin» duela gehitu du. Gaur gaurkoz, 122 gaztandegi daude; 22 Araban, 17 Bizkaian, 52 Gipuzkoan eta 31 Nafarroan.
Gaztaren DNA froga
Asteazkenean Ordizian burutuko den ardi latxaren edo karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten lehiketan parte hartzeko oinarriak ondo zehaztuta daude; lehiaketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, gaztek kaseina-plaka eduki behar dute, artaldeek gutxienez 100 ardi izan behar dituzte eta soilik latxa arrazako ardiak onartuko dira, epaimahaia zenbat pertsonek osatuko duten eta beste hainbat artikuluk osatzen dituzte oinarriak.
Aurten ordea, beste, artikulu berri bat erantsi zaio: antolakuntzak beharrezkoa ikusiko balu, lehiaketara aurkeztutako gazten DNA froga edo bestelakoak egiteko eskaera egin dezake, Idiazabal Jatorri Izendapenaren kontrolpetik kanpo egonez gero. Molinak, «gaztaren kalitatea bermatzeko froga bat gehiago» dela argitu du.