Etzegaraten jarri dute kamioien bidesaria kobratzeko arkua
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu N-1ean kamioien ordainsaria kobratzeko hiru arkuetatik bi. Aurrenekoa uztailean eraiki zuten Irunen, eta orain, bigarrena jarri berri dute Etzegarateko gainean; hirugarrena Andoainen kokatuko dute, irailetik urrira bitartean.
Arku bakoitzak 30 metroko zabalera eta 16 tonako pisua du. Hamabi kamera eramango dituzte, norantza bakoitzean sei. Horien bidez, eta free flow sistema erabilita kobratuko dute kamioien bidesaria. Arkua jartzeko, ordubetez eten behar izan zuten trafikoa, igande goizaldeko 02:00etatik 03:00etara. Bi garabi handi erabili zituzten egitura errepide gainean kokatzeko.
Etzegarateko arkua, Gipuzkoako sarrera eta irteera puntuan kokatzen da, eta egunero milatik gora kamioi pasatzen dira bertatik. Gipuzkoaren beste muga Irunen egongo da, eta N-1 osorik zeharkatzen duten kamioiek bidesari osoa ordaindu beharko dute; oraindik ez dute kopurua zehaztu, baina 10 euroren azpitik izango dela aurreratu dute aldundiko iturriek. Arku horrek neurtzen duen 7,5 kilometroko zatiagatik berriz, gehienez 5 euro ordainduko dira. Tarifa ofizialak urtea amaitu baino lehen finkatuko dituzte.