Euskal Jaiak, feria berezi
Bi tradizioren baturatik sortu dira Ordiziako gaur egungo Euskal Jaiak. 1614an jasotako azoka berezia egiteko eskumena da iturri bat. 1904an ospatu ziren Euskara ...
Bi tradizioren baturatik sortu dira Ordiziako gaur egungo Euskal Jaiak. 1614an jasotako azoka berezia egiteko eskumena da iturri bat. 1904an ospatu ziren Euskara Festak, besteak; sei eguneko egitaraua zen, lehiaketaz beteak.
Irailaren 1etik 10era ospatuko dira, aurten, Ordiziako Euskal Jaiak. Bi jatorritako ohiturek bat eginda gozatutako opila da egitarau hori. Batetik, Euskal Jaietako ekitaldi ospetsuena den iraileko aparteko azokak XVII. mendean du sorburua. Bestetik, XIX.-XX. mendeen jauzian, Euskara Jaietan aurkitu behar da bigarren osagaia.
1614an, Ordiziari feria berezi bat ospatzeko eskubidea eman zion Gaztelako errege Felipe III.ak. Baina abuztuaren 24an egiteko, San Bartolome egunez. Hain zuzen, Ordiziaren hasierako bizigunea orain San Bartolome baseliza dagoen ingurua zen, Erdi Aro goiztiarrean.
Ordurako, Ordiziak asteazkenero merkatua egiteko eskubidea bazuen. 1512ko maiatzaren 15ean aitortu zion pribilegio hori Juana I.a erreginak. Urte hartako martxoaren 18an sute batek suntsitu zuen hiribildua, eta berreraikitzen laguntzeko.
Abuztuko feria berezia irailaren 8ra atzeratu zen, geroago. Hor erne zen Euskal Jaietako azoka bereziaren muina.
Euskara Jaia 1904an
Baina Euskal Jaien benetako amapontekoa 1904ko Euskara Jaiak dira. Ordizian Gipuzkoako 9. festak ospatu ziren, 1904ko irailaren 15etik 20ra.
Euskal Herriaren ezaugarriak erakusteko plaza bihurtu ziren Euskararen Jaiak. Lehiaketak zituen oinarri, gai askotakoak: nekazaritzakoak eta euskal literaturari buruzkoak.
Eragin nabarmena izan zuten 1904ko Euskara Jaiek Ordizian. Garagartza plaza bereziki handitu zuten jaialdi hartarako (1903ko uztailean onartuta), Urdaneta kalea asfaltatu zuten, frontoia konpondu, eta udaletxea berritu. Orduan grabatu zituzten batzar aretoan herritar ilustreen izenak. 1615 arte Ordiziaren menpe egon ziren Goierriko 10 herriren armarriak margotu zituzten, baita zazpi euskal herrialdeenak ere. Orduko berrikuntzatik, gaur egun Okendo, Legazpi, Elkano eta Loiolako Inazioren irudiak soilik geratzen dira.
Festen barruan, Urdanetaren eskultura inauguratu zuten, eta Ordiziaren monografia historikoa idazteko agindu zieten Carmelo Etxegarairi eta Serapio Mujikari (1908an bukatua).
Gazta lehiaketa ere bai
Goi mailako Euskal Jaiak izan ziren 1904koak. Arranditsu iragarri zituzten, eta goitik hornitu, ezertan faltarik utzi gabe. «Ordura arteko onenak» izan zirela diote ondorengo kronikek.
Euskal Jaietan mota askotako lehiaketak eta erakusketak egin zituzten. Abereen arloan, bertako azienda gehienenak, nekazaritza produktuenak eta makinariarenak. Literatura, antzerkigintza, musika, kirola… denei eskaini zieten arreta.
Feria berezian, ardi gazta lehiaketa ere izan zen, duela 113 urte. Zeraingo Francisco Muñoak irabazi zuen aurreneko saria (30 pezeta), bigarren Martin Jose Irastortza (Zaldibia) eta hirugarren Jose Antonio Elortza (Idiazabal) geratu ziren, 20 eta 10 pezetako sariak jasota, hurrenez hurren.
Zumarragan eta Seguran ere egin ziren Euskara Jai ibiltariak
Antoine Abadia lapurtarrak 1853an sortu zituen Euskal Jaiak, Urruñan (Lapurdi). Euskalduntasunaren erakusleiho izateko helburua zuten, lehiaketa, kirol eta folklore loraldia; Lore Jokoak ere deitzen zitzaien. Harrezkero herri eta hiri askotan jarraitu zuten, urtero, jaialdiarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1896an bere kabuz antolatzea erabaki zuen, eta 18 herri izendatu zituen, hurrengo 18 urterako.
Arrasaten ospatu ziren ziklo hartako lehen Euskal Jaiak, 1896an. Lore Jokoen oso antzeko egitura eta ekitaldiak zituen: euskal tradizioak eta literatura lehiaketak. Handik aurrera, eta 1913ra arte, Gipuzkoako herri banatan izan ziren. Goierrira hiru aldiz iritsi ziren: Zumarragan 1899an, Ordizian 1904an eta Seguran 1911n. Tolosan izan ziren aldi horretako azkenak, 1913an. Baina herri askotan jarraipena izan zuten, XX. mende osoan.