Irizarrek autobus iraunkorren belaunaldi berria aurkeztuko du Busworld azokan
Irizar autobus konpainia Belgikako Kortrijk hirian egingo den Busworld Nazioarteko Azokan izango da, urriaren 20tik 25era. 1.600 metro koadroko erakusketa espazioan, azken belaunaldiko autobus eta autokar iraunkorrak aurkeztuko dituzte bertan.
Besteak beste, Irizar i8a, Irizar i6s berria eta irizar i4h-ren bertsio hibridoa aurkeztuko dituzte, autokar integralentzako eta hibridoentzako proposatutako irtenbide teknologikoekin batera.
Beste stand batean berriz, Irizarrek bere “etorkizuneko apustua” aurkeztuko du, hirietarako elektromugikortasun irtenbide integralen proposamena. Irizar e-mobility enpresa berriaren bidez, %100 elektrikoak diren autobusak garatu dituzte, hasieratik bukaerara Europan garatutako teknologia eta fabrikazioa erabiliz.
Busworld azokan aurkeztuko duten beste produktuetako batzuk dira ie bus eta ie tram hiriko autobusak (12 eta 18 metrokoak), biak ere %100 elektrikoak, eta Irizarrek lehen aldiz aurkeztuko duen pantografo bidez karga sistemarekin funtzionatzen dutenak.