Odolki txapelketa, beste zortzi partaideri aurre hartuta, Jesus Mari Debak irabazi du. Gastronomia topaketako bikote garailea Sara eta Arkaitz Mujika izan da, barazki kitxea eta kroketekin
Ordiziako Euskal Jaietako azoka handiaren bezperan, odolkia eta sukaldaritza izan dira protagonista. Goierriko Odolki Onenaren dastaketa-lehiaketaren 23. edizioa izan da aurtengoa. Sukaldaritza topaketari dagokionez, 27.a izan zen atzokoa, belaunaldien arteko sukaldaritza txapelketaren bigarrena.
Goierriko odolki onenearen bila, dastaketa egin zuten lehenik. Ekitaldirako euren alerik onenak eraman zituzten eskualdeko bederatzi odolkigilek. Guztien artean Jesus Mari Deba (Ezkio) izan zen garaile. Bigarren postuan Beasaingo Olano harategia sailkatu zen eta hirugarren, Ordiziako Ezeiza.
Segidan, sukaldaritza txapelketari hasiera eman zitzaion. Hamar bikote aritu ziren euren platerak prestatzen. Idiazabal gazta eraman behar zuen errezetak eta bertako eta garaiko bestelako produktuen erabilpena ere kontuan hartu zuen epaimahaiak. Partaideek beren abilezia eta trebeziak erakutsi zituzten ahalik eta jaki goxoenak prestatzeko. Arkaitz Mujika eta Sara Mujika osaba-iloben barazki kitxea eta kroketak izan ziren garaile.
Atzokoak ordea, egitarau lu-zeagoa eskaini zuen. 18:30a aldera Ordiziako Azen erraldoien konpartsakoak atera ziren ka-leak girotzera, trikitilari eta txarangarekin. 19:00etan, berriz, Arabako Errioxako ardo postuak ireki zituzten Zuhaiztian.
Gaur, aparteko azoka eta gazta lehiaketa egingo dira. Horrez gain, egun osoan zehar produktu desberdinen erakusketa, salmenta, dastaketa eta enkanteak egongo dira.
Hiri hezitzailea
Badira urte batzuk gastronomia lehiaketak norabide aldaketa bat izan zuela. Hiri hezitzailea programaren barruan sartu eta gastronomia lehiaketa soil bat baino harago eramateko erabakia hartu zuten Larrun Harriko kideek. Horregatik, orain dela bi urte sukaldaritza ohiturak, kultura eta jakituria trasmititzeko topaketa bihurtu zuten lehen elkarteen arteko lehiaketa baino ez zena. Hori horrela izanda, parte hartzen duten bikoteak belaunaldi desberdinetako pertsonek osatzea eskatzen dute, eta batek 10 eta 18 urte bitartekoa izan behar du.
Helburu berri horiek lortzeko ahaleginean, aurten Ordizia Kolore elkarteari parte hartzeko gonbitea luzatu diete eta elkarteko bi bikotek parte hartu zuten, Txilekoa bata eta Mexikokoa bestea.