Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azokaren lehen orduak
Euripean esnatu da gaur eguna, eta sumatu da hori goizeko lehen orduetan Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azokan. Langarra bai, baina egun handiak bere horretan osatu ditu goizeko lehen ordurako iragarritako ekitaldi guztiak. Plaza Nagusian asteazkeneroko feria inoiz baino oparoago, Garagartza plazan behi-azienda dotoreak, eta Joxe Migel Barandiaran plazan, aldiz, fruta eta barazki eskaintza zabala. Goizean zehar ere egin dute azken urteetan sortutako ekitaldi bat: Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren eta artzainen desfilea D’elikatuzetik abiatuta. Gazta lehiaketara aurkeztu diren gazta guztiak gurdi gainean eraman dituzte Beti-Alai pilotalekura, eta han lehiaketarako lehen prestaketa lanak egin dituzte.