«Baserritarraren lana ikasten inoiz amaitzen ez den ofizioa da»
Ander Barandiaranek (Amasa, 1982) 2006an utzi zuen bere sorterria Idiazabalen bere ametsari ekiteko. Ez da baserrian jaioa, baina baserri giroan hazitako mutila ...
Ander Barandiaranek (Amasa, 1982) 2006an utzi zuen bere sorterria Idiazabalen bere ametsari ekiteko. Ez da baserrian jaioa, baina baserri giroan hazitako mutila da. Beti izan du baserritik bizitzeko harra barrenean. Orain errealitate bihurtu du, lan, dedikazio eta sakrifizio askoren truke izan bada ere.
Nolatan Amasatik Idiazabalera?
Garbi izan dut beti baserritik bizitzea nahi nuela. Salgai zeuden baserriak begira nenbilela izan nuen Gaztainaditxuloren berri. Bertara etorri, ikusi eta erostea erabaki nuen. Pixkanaka hasi nintzen.
Noiz hasi zinen gazta egiten?
Aurretik etxean gazta egiten bagenuen ere, 2009an egin nintzen Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gaztako kide. Orduan hasi nintzen modu profesionalean, nolabait esatearren.
Urte askoan lantegiko lana eta baserrikoa uztartu behar izan dituzu.
Hamalau bat urtez aritu naiz lantegi batean lanean, eta orain urte eta erdi inguru utzi nuen erabat. Lantegiak asko lagundu dit hasierako urteetan, egin beharreko inbertsioak handiak baitira.
Hutsetik hasi behar izan duzu zure ametsa egi bihurtzeko.
Honetan sartu nintzenean garbi nuen urte txarrak pasatu beharko nituela hasieran, baina helburuan sinisten baduzu edozer egiteko gauza zara. Pixkanaka eman ditut pausoak, 10 ardirekin hasi nintzen. Egin nahi duzun hori ondo ezagutu behar duzu aurrena, eta ikasi. Gurea, ikasten inoiz amaitzen ez den ofizioa da.
Ardietatik bizi zara gaur egun?
Bai, gazta salmentatik batez ere, arkumeak ere hazten ditugu. Baratzea etxeko kontsumorako daukagu, nahiz eta dagoenean hortik ere saltzen dugun zerbait.
Ordiziako azokan izan zara abuztuan. Zer nolako esperientzia izan da?
Ona. Hasierako asteetan jende mordoxka bat ibili da, atzerritarrak ere bai asko. Azken asteetan lasaiagoa izan da giroa. Hemendik aurrera ere jarraitu nahiko nuke azokara joaten, baina baserriko lanak eta azokakoa nola uztartu pentsatzen nabil orain.
Nola ikusten duzu artzaintzaren etorkizuna?
Gero eta gutxiago gara. Aurrera jarraitzeko bide bakarra, baserritarrok egiten dugun produktua eta lana balioan jartzea da.