Plazaren eraberritze proiektuen erakusketa etzi zabalduko dute
Zaldibiako Udalak herriko plaza eta udaletxea berritzeko deitu zuen ideia lehiaketaren emaitzak esku artean ditu. Aurkeztu dituzten lanak erakusketan jarriko dituzte, Karreane kultur etxeko beheko solairuan. Herritarrek behatu ahalko dituzte.Ostegunean...
Ostegunean irekiko dute erakusketa (16:00-20:00). Ostiralean, larunbatean eta astelehenean goizez eta arratsaldez egongo da (10:00-13:00eta 16:00-20:00). Igandean, goizez (11:00-14:00). Astelehenera arte egongo da.
Guztira 22 proposamen edo ideia bildu ditu udalak, lehiaketaren bidez. Baloraziorako, bi bide erabiliko ditu udalak orain. Batetik, herritarrek erakusketan ikusitakoaren arabera eman ahalko dute iritzia. Bestetik, epaimahai batek bideratuko du.
Bederatzi kideko mahaia
Epaimahaia atzo eratu zuen Zaldibiako Udalak. Bederatzi lagun bilduko dira: hiru arkitekto (udalarena eta Arkitektura Eskolak izendatutako bi), hiru udal ordezkari (alkatea eta alderdi politiko bakoitzeko zinegotzi bana), eta parte-hartze prozesuko talde eragileak aukeratutako hiru herritar. Azken hiru horiek, gainontzeko herritarrek erakusketan eman duten iritzia eraman eta defendituko dute mahaian.
Epaimahaiak urriaren 1erako ebatzi beharko du ideia-lehiaketan jaso diren 22 proposamenetatik zeintzuek egingo duten aurrera. Bigarren fasera igarotzen direnek lana sakondu eta aurreproiektua idatzi beharko dute. Ondoren, oraingo prozedura berbera erabiliko dute proiektu irabazlea aukeratzeko.
Herritarrei erakusketa ikusi eta iritzia emateko eskatu diete.













