Enirio-Igaratzako pista proiektua «onartezina» dela esan du Naturkonek
Aralarren, Enirio-Igaratzako txaboletarako pista proiektu berriaren eta horren inguruan egindako ingurumen inpaktuko azterketaren aurkako balorazioa egin du gaur Naturkonek (Gipuzkoako natur eta ekologista elkarteak), Donostian, Koldo Mitxelena kulturgunean egindako agerraldian, eta «pista berri hori beharrezkoa ez» dela garbi utzi du.
Orain gutxi, Ingurumen Fiskaltzak, iaz egindako Intzentsao-Goroskintxu pistaren kasua, Tolosako epaitegiaren esku utzi du, Eguzkik eta Landarlanek, «proiektuan lege urraketa zantzuak ikusita salaketa ipini ostean». Enirio-Igaratza proiektu berriak, «iaz eraikitako pistako lege hausteei eusten» diela adierazi dute Naturkonekoek.
Aldundiak, «Aralarko bide azpiegituren plana egin beharrean, ia 20 kilometroko pista proiektua zatika baloratzen ari» dela salatu dute talde ekologistako kideek. Hau da, «proiektuaren tramitazioa arintzeko asmoz, berez beharko lukeen banakako ebaluazioa ez egitea» leporatu dio Naturkonek, Foru Aldundiari.
Horrez gain, pista berria eraiki nahi den ibilbidean, «mendi babesle izendatutako barrutiak dira nagusi», talde ekologistak argitu duenaren arabera. Horietan, Aralarko legediak dioenez, «artzaintza mugatu beharko litzateke lurraren higadura arriskuagatik eta lurzorua mugitzea debekatuta dagoelako». Ez hori bakarrik, pista proiektua, Aralarko legediaren aurka joateaz gain, «Europako legedira egokitzen ez» dela ere salatu du Naturkonek.
«Pistak ez dira bermea»
Aldundia, lehenengo sektorearen aldeko apustuan, artzaintzaren etorkizuna bermatzeko asmoarekin egin du pista proiektua Aralarren. Naturkon ordea, ez dago batere ados ideia horrekin. Ez hori bakarrik, «artzainen irisgarritasuna hobetze aldera, pistaren alternatiba soila aurkeztu izana onartezina iruditzen» zaie.
Azkenik, Enirio-Igaratzako txaboletarako bidearen aberastasuna ezagutzeko, urriaren 8an, igandean, antolatu duten mendi ibilbidean parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak.