Gipuzkoako Nekazaraitza Ekologikoaren 23. Azoka egingo dute igandean Zerainen. Euskal Herriko 23 ekoizle elkartuko dira. Tailerrak eta erakustaldiak ere badaude
Giza aktibitate iraunkor eta jasangarria naturan barneratu nahi duen ekoizpen sistema da nekazaritza ekologikoa, baliabide naturalak zentzuz erabiltzen dituena. Haren helburu nagusia, epe luzera lurraren emankortasuna mantendu eta hobetzea da, eta horretarako, ongarri eta pestizida kimiko guztiei uko egiten die abere eta labore ekoizpenean. Aitzitik, ingurumena hondatu eta elikagaiak kutsatu gabe lan egiten da ekologikoan, laborantza txandakatuz, biodibertsitatea landuz, izurriteen kontrol biologikoa eginez eta ongarri berdeak eta bestelako teknikak erabiliz.
Helburu horiek guztiak jorratzeko sortu zen 1993an Biolur Gipuzkoa, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkartea baserritar talde txiki baten ekimenez. Eta hurrengo urtean, 1994an, antolatu zuten Zerainen Gipuzkoako lehen azoka ekologikoa hainbat eragilerekin lankidetzan. Aurten 23. edizioa du Zeraingoak. Igandean egingo da, hilaren 17an, 10:00etatik 14:00etara. Produktuen salmenta ez ezik, tailerrak eta erakustaldiak ere egingo dira.
Azoka, traturako gune
Produktu ekologikoak ekoizten eta kontsumitzen dituzten herritarren kopurua hazten ari dira, haziz doan sektorea da, eta gero eta kontzientzia handiagoa dago janariak osasunean duen eraginaz eta elikagaiak ekoizteko moduaz. Eta bide horretan, azokek funtsezko papera betetzen dute, ekoizleek eta kontsumitzaileek zuzeneko tratua izan dezaketelako. Elkar ezagutu ez ezik, salmenta bide berriak eta zuzenak sustatzeko funtzioa ere badute halako topaguneek.
Eta nola ez, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren jardunbidea ezagutzera emateko erakusleiho ere badira azokak. Biolurrek argi du produktu ekologikoen erabilera eta kontsumoa normalizatzeko gune garrantzitsuak direla azokak, eta era berean, ekoizpen ekologikoak bide eta alternatiba berriak ireki diezazkiokeela herrietako landa garapenari.
Produktu aukera zabala
Aurtengo azokak Euskal Herrian nekazaritza ekologikoa lantzen duten 23 ekoizle elkartuko ditu Zerainen, eta ekoizpen ekologikoaren arauen arabera ekoitzitako produktu aukera zabala izango da salgai: edariak, gozogintza, barazkiak, txerrikia, ogia, gaztak, haragia, pasta, olioa, fruta… Saltzaileen artean, bost goierritarrak izango dira: Urretxuko Aikur eztia, Itsasoko Goiti ogia eta Hariztizabalgo ogia eta sagarrak, Idiazabalgo Josu Baezen behi gazta, eta Goierriko Goieko haragia. Erosleen artean, produktu ekologikoekin osatutako bi saski zozkatuko dituzte. Informazio mahaiak ere jarriko dituzte Kontsumo taldeen ekoizleek eta Biolurrek.
Tailer eta erakustaldiak
Zeraingo azoka ez da salmenta hutsera mugatzen ordea. Goizetik, umeentzako gailetak egiteko tailerra, Goierriko artisauak (keramika, makilak, tailak, gantxiloa, artilea, kandelak… ) eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da. Zeraindarrek aintzinako era egindako muztioa egingo dute, eta Mandioak eta herritarrek eskaintzen dituzten produktuak ere erosi ahalko dira. Iaz bezala, Aramako Ostatuko Ane Otegik erakustaldia egingo du azokako produktuekin. Eta nola ez, Zeraingo Paisaia Kultural aberatsa ere bisitarien eskura egongo da.