![Pili_Eskixabel(1)](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/09/Pili_Eskixabel1.jpg)
Duela hamazazpi urte gurasoen baserrira itzuli zenetik, nekazaritza ekologikoan dihardu Pili Eskixabel ataundarrak. Biolur eta Basherri elkarteetako kide ere bada.
Baserrian jaioa zara, baina gerora bueltatu zinen baserriko bizimodura. Nolatan?
Gaztetan ikasketak zirela eta atera nintzen etxetik. Erizaintza ikasi nuen Donostian, eta han yoga eta elikagai integralak ezagutu nituen. Erizaintza bukatzerako, zalantza handiak nituen medikuntza tradizionalarekin, eta ikasketak bukatu nituen, baina baserrira bueltatzea nuen orduan buruan. Etxean planteatu eta gurasoek esan zidaten baserritik ez zegoela bizimodua ateratzerik, eta ikasketak egin nituenez bide horri jarraitzeko.
Lemoizko garaia iritsi zenean, bizikleta martxa batean parte hartu nuen, eta han oso jende bereziarekin egin nuen topo; beste era batera bizi nahi zuten, eta hasiak ziren Nafarroan okupatzeko herri baten bila. Nire lekua hura zela pentsatu nuen, proiektua asko gustatu zitzaidan. Talde horrekin hasi eta Lakabe herria okupatu genuen; artean lanean nenbilen baina uztea erabaki nuen. Hor ezagutu nuen nekazaritza ekologikoa.
Eta baserrira noiz itzuli zinen?
Talde bat Lakabetik atera eta Armintzara joan ginen bizitzera, Lemoizko zentralaren ondora. Egunero joaten ginen zentralera ekintza baketsuak egitera. Zentrala itxi zutenean, ez nuen garbi Lakabera itzuli nahi ote nuen. Orduan nuen bikotearekin baserri bat hartzea pentsatu genuen, bertatik bizitzeko. Etxean gurasoak adinean aurrera zihoazen, eta ikusten zuten ideiak garbi nituela; orduan esan ziguten baserrian gelditzeko. Umeak izan genituen, gero banatu egin nintzen, eta hemen jarraitzen dut baserriarekin.
Ordurako kontzientzia bat bazenuela esan duzu.?Segituan hasi al zinen ekologikoarekin?
Bai, baina hasiera ez zen erraza izan. Duela 17 urte, etxe hau hartu genuenean, ekologikoa ez zen ezagutzen. Baina niretzat bizitzeko modu bat da. Janaria ez da dena, baina oso garrantzitsua da. Erizaintza ikasi nuenean konturatu nintzen medikuntza guztia sendatzera bideratuta dagoela, eta elikadura ekologikoaren inguruan badago beste kontzeptu bat, prebentzioarena. Prebentzioak nolako garrantzia zuen ikusi nuen, eta garbi nuen elikadura eta bizimodu osasuntsu bat eramateko modurik onena baserria zela.
Zure baserria ez da baratzea bakarrik. Ardiak ere badituzu.
Bai, duela urte batzuk 50 bat buru ere izan genituen, baina orain 20 bat ditut. Beti gustatu izan zait zikloa ixtearen kontzeptua, ongarria izatea etxerako. Baserriak belardiak ere baditu, eta dena aprobetxatzen da.
Biolur eta Basherri taldeetako kide ere bazara.
Hemen hasi ginenerako martxan zegoen Biolur. Xabi Akizu eta horiek hasi ziren. Guretzako babes handia izan da. Artean ez zegoen EHNErik, eta Biolurrek bideratuta hasi zen zigiluarena ere. Guretzako garrantzitsua zen, ezberdindu egin nahi genuen gainontzeko ekoizleetatik. Garai hartan baserriak intentsifikatzearen aldeko apustua zegoen, eta horren aldean beste modu bat zen gurea, garbia eta lurrarekin lotutakoa. Betiko baserritar batzuk haserretu egin zitzaizkigun, baina gurea beste bizi filosofia bat zen.
Duela urte batzuk Basherri taldea sortu zen. Gogoan dut bilera baterako deia egin zigutela Beasainen, eta han azaldu ziguten proiektua; oso irtenbide ona iruditu zitzaidan. Kontsumo taldeak sortu eta familientzako saskiak prestatzen ditugu. Ataunen erantzun ona izan genuen, eta hasieran 15 familia ere izan ziren.?Gero ez dakit krisiagatik edo, batzuk utzi zuten, eta orain nik zazpi saski egiten ditut.
Zuentzako ere irtenbide ona da ezta? Estabilitate bat emango dizue horrek.
Baserritarrentzat oso formula egokia da, daukazuna ateratzeko bidea ematen dizulako, eta diru sarrera finko bat, nahiz eta asko ez izan. Eta beraientzat ere bertakoa, freskoa eta ekologikoa hartzeko modu bat da. Baina zer gertatzen da etxeetan? Elikadura zaintzeak denbora bat eta ahalegin bat eskatzen duela, eta egungo gizartean presaka ibiltzen gara, eta sukaldatzeko denbora askorik ez dugu hartzen.
Umeekin ere lan egiten duzu Ordiziako azokan. Zer moduzko esperientzia da?
Oso esperientzia polita eta aberasgarria da. Bertako produktuaren garrantzia azaltzen diegu, garaikoa eta freskoa izatea. Lehendabizi D’Elikatuzen ikus-entzunezko bat eskaintzen zaie, eta gero erosketa egitera joaten gara azokara. Beraiek ere oso gustura ibiltzen dira.
Eta erakundeen aldetik, ba al duzue batere babesik?
Nekazaritza oso bizimodu estua da, goitik erakundeek-eta ez dutelako apustu garbirik egiten. Hor garbi dago industria dela apustu nagusia, gero turismoa… eta gu ez dakit zer tokitan gelditzen garen, baina atzean oso. Krisi sakon batetan sartuta dago aspalditik nekazaritza eta hortxe, iraun egiten dugu. Goizaneren kasua aipatuko nuke. Hor ikusten da instituzioen jarrera. Azpiegitura guztia prestatuta dago eta zer borondate gutxi dagoen hori martxan jartzeko eta lehen sektorea laguntzeko.
Zer iruditzen zaizu?Zeraingo azoka ekologikoa?
Zeraingo azoka oso garrantzitsua da, ekologikoaren erakusleiho bat delako, eta mundu hori zabaltzen laguntzen duelako.