CAFek 174.000 euro ordaindu beharko dizkio amiantoagatik hildako langilearen familiari
Amiantoaren inguruko beste epai bat jakin berri da. Beasaingo CAF konpainiak 174.000 euroko kalteordaina eman beharko dio hildako langile baten familiari. Hala ebatzi du Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenak, langileak zuen mesotelioma pleural gaitza amiantoak eragindakoa zela frogatutzat eman ondoren.
Asviamie amiantoak kaltetutakoen elkarteak jakinarazi duenez, J.F.I langileak 1958 eta 1973 artean lan egin zuen CAFen. 2015ean atzeman zioten gaitza; 2016ko maiatzean aitortu zioten erabateko ezgaitasuna eta bost hilabeteren buruan hil zen. Haren familiak auzitegietara jo zuten eta 450.000 euroko kalteordaina eskatu zioten enpresari. Asviamieren arabera, asbesto materialarekin lan egiten zuten, “maskarillarik gabe” eta legeak eskatzen zituen azterketa medikoak egin gabe.