Irailaren 22ra arte ikusgai dago kultur etxeko aretoan Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak ondutako erakusketa. Bisita gidatua egin dute ikasleek. Informazioa, argazkiak eta 'tepee' bat hartzen ditu bildumak.

Euskal Herritik AEBetara joandako artzainek bizi izandakoaren lekukoa da Euskal Artzainak Ame- riketan elkarteak sortutako erakusketa ibiltaria. Orain Legazpiko kultur etxean dago ikusgai eta atzo ikasleek bisita gidatua egin zuten. Erakusketak hartzen dituen informazio-panel eta argazkiekin batera
tepee bat ere badago erakusketa aretoan. Alegia, euskal artzainek AEBetako lurralde epeletan erabili izan dituzten oihal-etxolak.
Bisitan gidari izan zituzten Jesus Mari Sorrarain Alkizatik (Gipuzkoa) Ameriketara joandako artzaina, Josephine Etcheverry Kalifornian sortutako euskal artzain baten alaba eta Laura Igantzi elkarteko lehendakaria. Gidari baino ipuin kontalariak ziruditen, izan ere, hamaika pasadizo zituzten kontatzeko.
Kriskitin-sugearena
Bisita gidariek zer edo zer eman diote elkarri. Ikasleek ez zekiten zer ote zen eta, halako batean, esku-ahurretik bizirik dagoen zerbait ateratzen denaren plantak egin zituen Sorrarainek. Ikasleek ustekabeko galanta hartu zuten kaskabilo baten zarata entzunda. Kriskitin-sugearen kaskabiloa zen, baina sugerik gabe jada.
Ezustekoaren ondoren, kontatu zieten euskal artzainek kriskitin-sugeei aurre egin behar zietela. Halako sugeek haginka egin aurretik kaskabiloaren zarataz abisatzen dutela esan zuten, baina Sorrarainek Ameriketako lurralde haietan beldurrak jota ibili zela gehitu zuen eta egiazko ipuin bat kontatu zuen: «Kriskitin-suge batek atzamarrean hozka egin ondoren, artzain euskaldun bat hatz hura mozten ikusi nuen». Pasadizoak ikara ezabatu eta harridura zein nazka ekarri zituen haurren aurpegietara. Bakardadeaz, herriminaz eta lanaren gogorraz ere aritu zitzaien Sorrarain eta ikasleek adi-adi entzun zioten. Erakusketa hilaren 22ra arte zabalik dago.