Abeltzaintzak ere badu bere lekua aurten Goierriko Hamabostaldi Ekologikoan. Txekor haragia arau ekologikoei jarraiki ekoizten duten lau baserritarrek beren esperientziaren berri emango dute.
Produktu ekologikoen kontsumoa lurrak zuzenean ematen dituen horiekin bakarrik lotzen dute askok, baina beste hainbat elikagaik eta produktuk ere badituzte ekologikoak direla egiaztatzen duten ziurtapenak, tartean txekor haragiak. Goierrin, txekor haragi ekologikoa ekoizten duten lau baserri daude, eta GoiEko Haragia markapean komertzializatzen dute, kontsumitzaileari zuzenean salduta.
Olaberriko Aitor Aranburu, Itsasoko Garikoitz Aiesta eta Gorka Sasieta eta Segurako Jose Jabier Basurto dira abeltzaintza ekologikoan inskribaturiko lau baserritar horiek, eta egunotan egingo den Goierriko Hamabostaldi Ekologikoak tartea eskainiko die bere egitarauan, bi ekitaldirekin. Hala, hilaren 21ean, osteguna, Abeltzaintza eta haragi ekologikoa Goierrin izeneko dokumentala aurkeztuko dute Ataungo zineman, eta hilaren 23an, larunbata, Itsasoko Mandubi-zahar baserrira bisita egin ahal izango da abeltzaintza eta haragi ekologikoa gertutik ezagutzeko eta dastatzeko.
Ganadua beti bezala hazita
Ekoizpen ekologikoak eta tamaina aldetik antzeko ustiategiak izateak –baserri bakoitzean 7-12 behi ama daude– lotu zituen duela hiru urte Goierriko lau baserritar hauek GoiEko Haragia proiektuan, beren baserrietan ekoitzitako txekor haragia elkarrekin komertzializatzeko helburuarekin. Laurek senideengandik jaso zituzten baserriak eta haiengandik ikasi zuten lan egiteko betiko era,?«gaur ekologikoan lan egiteko erarekin parekatu daitekeena». Aiestak dioenez, «diferentzia nagusia» hauxe da:?«Ekologikoan egoteak ziurtagiri bat dauka bere baitan, eta ziurtagiri hori jasotzeko araudi bat bete behar da, ENEEK?Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak finkatu duena». Bestela, dio, «ganaduaren hazkuntza lehen bezala edo antzera egiten da;?orain bitarteko gehiago ditugu traktoreekin-eta, baina ganadua haztea edo gizentzea industria kimikoa garatu aurretik egiten zenaren pare egiten dugu:?herbizida eta pestizidarik gabe, eta gehigarri kimiko edo transgenikorik gabeko pentsuekin». Lan administratiboa ere gehitu zaio baserriko «betiko lanari».
ENEEK-ek ezarritako araudi horretan, besteak beste, ustiategiaren tamaina, ukuiluaren antolaketa, bazkaguneen hedadura, abereen elikadura eta hiltegian jasotzen duten tratua zehazten dira. «Ganaduaren maneiua eta inguruarena ere kontrolatuta dago», azaldu du Mandubi-zaharreko baserritarrak: «Inguruarekiko errespetuz lan egiten dugu, inolako gain esplotaziorik gabe eta osasuna eta kalitatea, izan animaliena izan lurrena, bermatuz». Hala, lurrerako produktu kimikorik ezin da erabili eta animalientzako antibiotikoen erabilera mugatuta dago;?espazioaren aldetik ratio batzuk bete behar dituzte ukuiluan zein belardietan, txekorrak ukuilu barruan parkerik gabe ematen duten denbora ere neurtuta dute, kanpotik erositako pentsua eta belarra pestizida, herbizida eta ongarri kimikorik gabekoak izan behar dira… Araudi zorrotza, azken produktua, haragia, %100 ekologikoa dela bermatzeko.
Haragiaren onurak
Txekorrak horrelako zainketarekin hazi eta gero, haragiak onurak jasoko dituela ezin da zalantzan jarri. Horrela azaltzen ditu onuretako batzuk Aranburuk:?«Animali batek sustantzia kimikorik jaten badu, hori bere gantzera igarotzen da, eta haragi ekologikoak ez du horrelakorik, ezta esneak ere. Gainera, animaliak, gureak bezala, belar freskoa eta onduarekin elikatzen badira batez ere, Omega 3 gantz hobeak garatzen dituzte eta bere haragia ilunagoa izango da eta gustu gehiago izango du».
Ekoizpen ekologikoak ingurumenean eragiten dituen onurak ere ez dituzte ahazteko GoiEko proiektuaren bultzatzaileek.
Aitor Aranburu: «Garai bateko salmenta zuzenaren garaira itzuli gara GoiEko-n»
Haragia kontsumitzaileari zuzenean helarazten diozue.
Bai. Gure inguruan eredu ekologikoa bultzatzeaz gain, ekoizten dugun haragia komertzializatzea ere bilatzen genuen lantaldearen sorrerarekin. Gure produktua eskaintzeko garaian izugarrizko abantaila ikusten genuen elkartu eta kontsumitzaileari ia etengabe haragi ekologikoa izateko aukera eskainita.
Ba al dago eskaririk?
Gizartea geroz eta kontzientziatuago dago zer jaten duen horrekin, eta ekologikoa berme bat da. Beraz, bai, eskaria badago. Guk hiru urte daramagu ia GoiEkorekin eta bakoitzak bere bezeroak izateaz gain, amankomunean ere baditugu beste batzuk.
Nola funtzionatzen du Goi Ekok?
Gure haragia nahi duenak eskaria egin behar du. Horretarako, goiekoharagia.wordpress.com webgunea dugu, gure kontaktu guztiekin. Txekorra hiltzen dugunean eskaria egin duten horiekin harremanetan jartzen gara eta haragi loteak nola eta non entregatu adosten dugu.
Etxera eramaten duzue haragia, beraz.
Etxera, edo bezeroak nahi duen lekura.
Saltzeko beste modu bat da hori.
Garai batean baserritarrek egiten zuten zuzeneko salmenta, esnea, barazkiak, arkumeak… Ohitura hura galtzen joan zen arren berriz berreskuratzen ari gara, besteak beste kontsumo taldeei esker. Haragiaren kasuan ere salmenta zuzena egiten dugu, garai bateko ohituretara itzuli gara eta etxera eramaten diogu bezeroari produktua. Baina bai, egia da, salmenta beste modu batean egiten dugu, lehen baserritarrak txekor osoa saltzen ziolako harakinari, eta guk, orain, zatika, loteetan banatuta saltzen dugulako eta bezeroari zuze-nean gainera.
Zer daukate lote horiek?
Hiltegian bertan prestatzen dizkigute. Bost kilo haragiz osatuta daude, eta 70 euroan saltzen ditugu. Lote bakoitzak pakete txikiak ditu:?txuleta bat edo bi, xerrak, saiheskia, zankarroia, gisatzekoa eta haragi txikitua daukate guztiek.
Urteko edozein garaitan eros al daiteke?
Bai, lau ekoizle izatean, gure artean antolatzen gara, eta ia urte osoan bermatu dezakegu haragi eskaintza.
Zein abantaila ditu haragia horrela erosteak?
Gertuko ekoizleak gara, konfidantza osokoak eta bezeroek ezagutzen gaituzte. Gure baserriak ezagutzeko aukera ere badute, lan nola egiten dugun ikusi nahi badute. Gainera, bezeroari ez diogu inolako konpromisorik eskatzen eta nahi duenean bakarrik erosiko du haragia.
Besterik saltzen al duzue?
Gu lauotatik bi bizi gara osorik baserritik, Gorka eta ni neu, Joxe Jabierrek eta Garikoitzek beste jarduera batekin partekatzen dute baserria. Denok ere produkzioa dibertsifikatuta daukagu: Gorkak baratzea ere badu kontsumo talde batera bideratuta, fruitu txikiak eta fruitu arbolak ere bai, nik behi esnea egiten dut eta oilaskoak hazten ditut, Joxe Jabierrek arkumeak…
Lau zarete Goi Ekon. Taldea zabaltzeko asmorik ba al duzue?
Laster taldean beste bi baserri sartuko direlakoan gaude, Zeraingo baserritar bat eta Mutiloako beste bat. Talde irekia da gurea eta indartu egin nahi dugu.