Urretxuko festa parte hartzaileak
Urretxuarrek Santa Anastasia jaiak oso parte hartzaileak direla esaten dute beti eta jaien aurkezpen ekitaldian hala dela argi utzi dute: hamabi elkartetako lagunek parte hartu dute. Ekitaldia astearte arratsal-dean izan
Urretxuarrek Santa Anastasia jaiak oso parte hartzaileak direla esaten dute beti eta jaien aurkezpen ekitaldian hala dela argi utzi dute: hamabi elkartetako lagunek parte hartu dute.
Ekitaldia astearte arratsal-dean izan zen, udaletxean. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko, Lurra dantza taldeko, bertso eskolako, musika tailerreko, Gazte Bideaneko, gastronomia lehiaketako, txistulari taldeko, Lekaio elkarteko, karroza desfileko, gazte asanbladako, hip-hop jaialdiko, Argazkia elkarteko eta herri kirol elkarteko ordezkariek parte hartu zuten.
Zuhaitzaren Soinuako Jesus Mari Dominguez Buli-k eskerrak eman zituen, pregoia irakurtzeko eta suziria pizteko ohorea eskaini dietelako. Txistularien alardean ere parte hartuko dute eta Euskal Jaian egingo duten emanaldia berezia izango da.
Lurrako Juanlu Elgarrestak folklore jaialdira Gasteiz, Lanzarote eta Poloniako taldeak gonbidatu dituztela aipatu zuen. Alardean eta Euskal Jaian ere parte hartuko dute eta Bedaioko Ingurutxoa dantzatuko dute.
Bertso eskolako Gorka Azkaratek larunbat goizean Lazkanok eta Agirrek abestuko dutela aipatu zuen. Herriko bertsolariek igande goizean eta euskararen aldeko kandela piztean ere abestuko dute.
Musika tailerreko Mikel Calderonek ostiral arratsaldean kalejira eta astelehenean dantzaldia egingo dituztela gogoratu zuen.
Gazte Bideaneko Oier Gabiria eta Ane Iturbek festari hasiera emango diotela aipatu zuten: ostiralerako tortilla lehiaketa eta karaokea antolatu dituzte. Igandean, karrozeroei hamaiketakoa eskainiko diete. Herri kirol tal-dearen izenean Juanjo Sagastibeltzak hitz egin zuen. Idi probak eta kuadrillen arteko sokatira lehiaketa antolatu dituzte.
Joxe Jauregik gastronomia lehiaketan 52 kuadrillek izena eman dutela esan zuen. Bide batez, datorren urtean ekitaldi hau antolatzeari utziko diotela aurreratu zuen eta erreleboa eskatu zuen.
Ibon Garmendia herritarrak txistulari alardera gonbidatu zituen. Besteak beste, Gorka Hermosaren bi kanta joko dituzte. Hermosa bertan izango da.
Lekaiok goizeko Euskal Jaia antolatzen du. Aurtengoa artoaren eta babarrunaren lanketari buruzkoa izango da. Xabi Lasak azkena izango dela aurreratu zuen.
Hamar karroza
Beñat Torres eta Oier Fernandez karrozeroek aurten hamar karroza aterako direla informatu zuten. Udalari eskerrak eman zizkioten ikastaroa antolatzeagatik eta hiru eskaera egin zizkioten: itoginak konpontzeko, plataforma berriak erosteko eta takilak jartzeko. Bestalde, herritarrak desfilean beraiekin parte hartzera animatu zituzten.
Txosna batzordeko Andoni Imazek eta Maialen Torresek adin guztikoentzat ekitaldiak antolatu dituztela gogoratu zuten eta jendea txosnetara joatera gonbidatu zuten. Bestalde, larunbat gauean Guinness errekor bat hausten saiatuko direla aurreratu zuten.
Hip-hop jaialdiko Bingen Gomezek Z Warriors, Throw Rap, Mini14Flows&J.Jayber, Ricky Hombre Libre eta Rushblacka gonbidatu dituztela esan zuen. Bukatzeko, Argazkia elkarteko Jesus Mari Etxeberriak aurtengo argazki lehiaketan argazki bakar batekin parte hartu ahal izango dela esan zuen.