Jaiak zapuztu zituen sutearen 25. urteurrena
Aurtengo Santa Anastasia jaietako protagonistetako bat euria izango dela dirudi. Zoritxarrez. Belaunera iristen ez bada, gaitz erdi. Ez du urretxuarren festarako gogoa zapuztuko. Duela 25 urtekoa askoz ere okerragoa izan
Aurtengo Santa Anastasia jaietako protagonistetako bat euria izango dela dirudi. Zoritxarrez. Belaunera iristen ez bada, gaitz erdi. Ez du urretxuarren festarako gogoa zapuztuko. Duela 25 urtekoa askoz ere okerragoa izan zen. Sua izan zen protagonista. Eta belaunetik gora, gainera.
1992ko Euskal Jaiaren egu-nean, Isabel jatetxeko sukaldeak su hartu zuen. Eraikinak egurrezko estruktura zuen eta berehala etxe osoa sutan zen. Sua piztu zen unean karrozak handik pasatzen ari ziren eta herritarrek beraien laguntza eskaini zuten.
Pello Gonzalez zinegotzia zen garai hartan. Desfilearen ardura zuen eta han zen. «Kea ikusi genuenean tabernara sartu ginen, baina ordurako sukaldea sutan zen. Suhiltzaileei deitu genien eta ingurua hesitu genuen. Bizilagun batzuk ezin ziren atera atarian kea zegoelako, baina zorionez Urratetarrek berehala aldamio batzuk eraman zituzten eta balkoitik atera zituzten. Suhiltzaileak oso azkar heldu ziren, baina etxea sutan zen ordurako».
Karrozak ziztu bizian joan ziren plazara. Ekitaldirik ez zen suspenditu, baina egun tristea izan zen. Gainera, Urretxurekin anaituta dagoen Schwarzenbruck herriko bizilagun tade bat hemen zegoen. «Beraiek ere desfilean parte hartu zuten eta zapore gazi-gozoarekin itzuli ziren etxera. Ondoren, kaltetuentzat diru laguntza bat eman zuten». Herrian, berriz, jaialdi bat antolatu zuten dirua lortzeko. Izan ere, eraikina bota egin behar izan zuten eta berria egin.
Kaltetuen oroitzapenak
Balkoitik atera behar izan zenetako bat Arantxa Barrios da. «Senarra eta biok karrozak ikusten ari ginen sua piztu zenean. Eskaileretan kea zegoenez, ezin izan ginen jaitsi. Gure etxeak erreka aldera ematen zuenez, bizilagunaren etxera joan ginen eta bere balkoitik atera gintuzten. Jendea oso ondo portatu zen gurekin».
Ia dena galdu zuten, semearen bateria ez ezik. «Erosi berria zen eta bezperan muntatu zuen aitarekin. A ze poza hartu zuen bateria ondo zegoela ikusi zue-nean!».
Etxea Begoña Arangurenen aitak eraiki zuen. «Hondamendia izan zen. 120 metro koadroko etxebizitza zoragarriak erre ziren. Zorionez Albisuatarrak oso ondo portatu ziren eta gure estankoa berehala ireki ahal izan genuen, beraiek utzitako lokal batean. Urteak eman genituen abokatu artean. Paper guztiak gordeta eduki ditut, duela gutxira arte. Joan zen astean txikitu nituen», amaitu du.