Eranskailu bidezko merkataritza kanpaina izango da aurten ere Lazkaon
Lazkaon merkatari elkarteak eta Lazkaoko Udalak bigarren urtez jarraian eranskailu bidezko sustapen kanpaina egingo dute, udazken honetan. Irailaren 20tik urriaren 18ra, Lazkaoko komertzioetan eta tabernetan erositakoagatik eranskailuak jasoko dituzte bezeroek. Txartel batean itsatsi behar dituzte horiek: tabernetako kontsumizioengatik zortzi pegatina bildu behar dira, eta dendetakoagatik bost, horietatik bi Lazkaon elkarteko kide direnenak. Behin txartela betetakoan, udaletxera eraman eta kutxa batean sartu behar dira.
Lau zozketa egingo dituzte, kanpainan zehar: irailaren 27an (Areriako zinema denboraldirako hiru bonu), urriaren 4an (hiru liburu irakurgailu elektroniko), urriaren 11n (Barandiaran kiroldegian urtebeterako hiru bazkidetza), eta urriaren 18an (hiru afari Lazkaoko jatetxeren batean, launa pertsonarentzat).
Lazkaoko 52 komertziok eta 27 ostalarik parte hartuko dute Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon kanpainan. Gaur eguerdian aurkeztu dute egitasmoa Lazkaoneko arduradunek, udaleko Ekonomia batzordeburuak eta hainbat merkatarik. Lazkaoko ekonomiari merkataritzak “bultzada” ematen diola aitortu du Iñaki Estensoro zinegotziak, eta lanpostuak sortzen dituela.