Irailaren 30ean batzar irekia egingo dute Beasaingo Igartzako jauregian. «Errepublika propioa eraiki» nahi dute. Trenaren motorra «herritarra, anitza eta irekia» izatea dute helburu
Beasaingo tren geltokiaren aurrean egiten dute dinamikaren aurkezpena.
Beasain XIX. mendetik gaur egunera arte, Goierrin eta goierritarrengan trenak izan duen eta duen garrantziari erreferentzia eginez, Goierritik Euskal Errepublikarako bidaia hastea erabaki dute hainbat goierritarrek. Beasaingo tren geltokia aukeratu dute Goierritik Euskal Errepublikaren aldeko dinamika herritarra aurkezteko. Gaur arratsaldean egin dute aurkezpena.
Taldearen izenean Inma Albisuk eta Maddi Jauregik irakurritako idatziaren arabera, «trenak hartzen iaioak izanik, jakin badakigu trenak ez duela itxaroten. Tren batzuk behin baino ez dira pasatzen». Honela, «herriek hauspotutako» Eskoziako edo Kataluniako trena hartu nahi dute: «Galdu ezin dugun trena dugu parez pare: askatasunaren, justizia sozialaren, parekidetasunaren eta demokraziaren trena».
Bidegurutze «argia»
Izan ere, bidegurutzea argia dela azpimarratu dute: «Euskal herritarron nahiz goierritarron nahietatik eta beharretatik urrun, herri honen garapenerako traba hutsa diren estatu antidemokratiko eta dekadente hauekiko dependienteak izaten jarraitu edo orain eta etorkizun duin bat eraikitzeko trena hartu». Alegia, «Rajoy, errege edo gainontzekoen aginduetara segi edo gure buruen jabe izan. Bizi baldintzen kaskartzea edo denontzako bizitza ona. Erresignazioa edo esperantza».
Goierritik Euskal Errepublikarako taldeko kideek hautua egina duela nabarmendu dute: «Errepublika propioa eraiki nahi dugu, hori baita gure buruak eta baliabideak autogobernatzeko aukera bakarra». Izan ere, «denok desiatzen dugu guretzat, gure senitartekoentzat, lagunentzat edo herrikideentzat enplegu eta soldata duina, ganorazko pentsioa, etxebizitza eskubidea bermatua izatea, kanpora lanera joatera behartuta ez egotea, emakume edo gizon izan denok lehen mailako herritar izatea, hizkuntza eskubideak errespetatzea, kalitatezko hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoak, inguru osasuntsuan bizi izatea….».
‘Ta oain ze?’ hausnarketa
Goierrin 2016ko ekainaren 5ean erabakitzeko eskubidearen inguruan egindako «galdeketa, proiektu eta hausnarketak aintzat hartuz», galdera egin diete euren buruari: «Ta oain ze?». Erantzuna ere badute: «Helmuga argia izanik, bertara heltzeko geltokiak zehaztea dagokigu orain. Goierritarron nahi eta beharretatik abiatuta, geltokitik geltokira, bidaia egitea. Hau ez baita amaierarik gabeko bidaia utopikoa, ametsak egia bihurtzekoa baizik». Kataluniara begira jarrita, «kataluniarrak frogatzen ari diren bezala, urte gutxian helmugara heltzeko aukera errealak ditugu. Inoren zain egon gabe, anbizioz, elkarlanean eta ilusioz, horretara goaz Goierritik». Honela, «herritarrok izango gara tren herritar, anitz eta ireki honen motorra, iazko ekainean errepublikari bai esan genion milaka goierritarrok eta bidean bertan konbentzituko ditugunak».
Batzar irekia hilaren 30ean
Goierritik Euskal Errepublikarako bidaia egiteko trenaren hurrengo geltokia finkatu dute: irailaren 30ean Igartzako jauregian, 10:00etan egingo den batzar irekia. «Helmugarekin bat egiten duen oro izango da bidaidea, edozein izanik ere identitate nazionala, jatorria, iraganeko posizioa edo bozka».