Zakurrak edukitzeari buruz Legazpiko Udalak landu duen ordenantza berrian jasotako neurria da. Ordenantzak arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak ez ditu onartzen
![Txakurrak_jolasteko_guneak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/09/Txakurrak_jolasteko_guneak.jpg)
Zakurrak edukitzea eta bere zaintza arautzen duen ordenantza denbora luzean landu dute Legazpiko Udalean. Ordenantza berri horren emaitza dira zakurrak solte jolasteko seinaleztatu berri dituzten guneak. Bederatzi gune dira Legazpi osoan sakabanatuta eta bertan zakurrak lotu gabe eraman ahalko dira; leku batzuetan ordutegi muga dago eta beste batzuetan ez.
Toki bakoitzean dagokion seinalea jarri dute non zehazki azaltzen duten txakurra noiz eta nola eraman daitekeen.
Ordenantzaren arau orokorrak hiru dira: arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak ez dira onartzen, jabeak une oro izango du kontrolpean zakurra, eta animaliak kalteren bat eragiten badu jabea izango da kalte horien erantzulea.
Seinaleztatu dituzten bederatzi tokietatik lautan ordu mugak ezarri dituzte eta animaliak lotu gabe atera ahalko dira soilik iluntzetik goizera arte. Ordu mugarik gabeko guneetan beti eraman ahalko dira solte.
Ordenantza webgunean
Eremu bakoitzean gorotzak jasotzeko zakarrontzia jarri dute. Zakarrontzien ondoan kartela jarri dute eta bertan gorotzak jasotzeko erantzukizuna jabearena dela argi adierazi dute, baita zabor poltsatan bildu behar direla ohartarazi ere.
Zakurren edukitzeari buruzko ordenantza udalaren webgunean dago:
legazpi.eus.
ZAKURRENTZAKO GUNEAK:
Ordu mugarik gabe
· Urtatza-Ariztiaundi. Deposituaren inguruak.
· San Martin kalea. 16. zenbakiaren inguruan.
· Itxaropen eta Juanastegi. Itxaropen auzoko 14. zenbakiaren inguruan.
· Mirandaola-ibaialdea. Neguan bakarrik.
Ordu mugarekin
· Urtatza-Zahar. Parkea.
· San Inazio auzoa. 2 eta 4 zenbakiak.
· Santikutz kalea. 20 eta 24 zenbakiak.
· Aizkorri kalea. 17. zenbakiaren eta 21. aren arteko parkean.
· Bikuña kalea. Bigarren zenbakian.
Ordu muga
· Udazkenean eta neguan. Azaroaren 1etik martxoaren 31ra 19:00etatik 10:00etara bakarrik eraman ahalko dira.
· Udaberrian eta udan. Apirilaren 1etik urriaren 31ra 21:00etatik 10:00etara.