100 urte Zumarraga eta Urretxu arteko mugan
Albisuatarren etxeak 100 urte bete ditu. Etxe hau oso berezia eta ezaguna da, bere historiagatik eta toki estrategikoan dagoelako. Izan ere, Urretxu eta Zumarragako mugan dago. Egun bi herriak lotzen
Albisuatarren etxeak 100 urte bete ditu. Etxe hau oso berezia eta ezaguna da, bere historiagatik eta toki estrategikoan dagoelako. Izan ere, Urretxu eta Zumarragako mugan dago. Egun bi herriak lotzen dituzten lau zubi daude, baina garai batean bi bakarrik zeuden. Milaka lagun pasa dira Albisuatarren etxe ondotik, geltokira, ikastolara edo Goldenera bidean.
Etxearen orma batean jarritako azuleju batzuetan eraikuntza urtea eta inizial batzuk ikus daitezke: J.A. Inizial horiek etxea eraiki zuen gizonarenak dira: Joaquin Albisuarenak. Egun, eraikina bere ondorengo batzuena da. Albisua-Garmendia sendiarena, hain zuzen ere.
Joaquin Albisua okina zen eta Busca Sagastizabal konposito-reari eta bere emazteari erosi zien lursaila. «Orubea Busca Sagastizabalen emaztearen gurasoena zen. Ezkondu zenean, bere alabari eman zioten dote bezala. Gure birraitonak erosi zuenean, Busca Sagastizabal eta bere emaztea Madrilen bizi ziren dagoeneko. Gure etxean salerosketa harekin zerikusia duten gutun batzuk ditugu», dio Arantxa Albisuak.
Okinak Juan Cruz Mendiola eraikitzaileari esan zion etxea eraikitzeko. «Gure birraitonari garesti atera zitzaiola iruditu zitzaion. Handik urte batzuetara beste etxe bat eraiki zuen, fruta-saltzaileen etxea bezala ezagutzen dena, eta kontu guztien ardura berak hartzea erabaki zuen».
Erreportaje honetako etxeak zazpi etxebizitza ditu: bi solairu bakoitzean eta beste bat teilatupean. «Oso etxe ona da. Gainera, beti oso ondo zaindu dugu eta sendotu egin genuen».
Denda asko
Oso eraikin ezaguna da. Izan ere, oso toki onean dago (geltokira eta ikastolara bidean eta bi herrien arteko zubietako baten ondoan) eta etxe azpiko lokaletan denda ezagun asko egon dira. «Familiaren okindegia, amonaren janari-denda, Pereztarren tipula eta baratxuri denda, Arrietatarren bizartegia, Julianen harategia…».
Egun etxe azpian ez dago negoziorik, baina lehenengo solairuan Arantxaren eta bere ahizpa Garbiñeren Algar estetika zentroa dago. Negozio hau duela 42 urte ireki zuten.
Albisuatarren etxearen pa-rean duela 25 urteko Santa Anastasia jaietan erre zen eraikina zegoen: Isabel tabernaren etxea. Isabel ospetsua Arantxaren birramona zen. «Joaquin eta Isabel guraskideak ziren. Ez omen zuten oso harreman ona. Isabel izaera handiko emakumea izango zen. Izan ere, bere taberna oso ospetsua zen eta ondoko zubiari bere tabernaren izena eman zioten herritarrek».
Duela hamarkada batzuk Urretxu eta Zumarragako auzo horri ‘dolarraren auzoa’ deitzen zioten: hiru geltoki zeuden, astebururo Gipuzkoako eta Bizkaiko ehunka gaztek zubia zeharkatzen zuten Golden dantzalekura joateko… Joaquin Albisuaren etxeak hitz egiten jakingo balu, zer ez ote luke kontatuko!