Asteburuan Kataluniara joateko autobusa antolatu dute Beasaindik
Beasaingo Gure Esku Dagok autobusa antolatu du asteburuan Kataluniako Sant Vicenç dels Horts herrira joateko. Azken urteetan bertako castellersak eta herritarrak hainbat aldiz izan dira Beasainen, eta «2015eko udan guk ere bisita egin genien, bi herrien arteko harremana sendotuz. Beasaingo Gure Esku Dagoko kideok uste dugu gure lagunei babesa eta elkartasuna adierazteko unea iritsi dela». Honela, «urriaren 1ean gure babesa gertutik senti dezaten, bertara joateko autobusa antolatzea erabaki dugu».
Autobusa hilaren 30ean abiatuko da 08:00etan, Beasaingo tren geltokitik eta urriaren 1 arratsaldean egingo dute itzulerako bidaia. 50 euro kostatuko da bidaia. Bertako eskola batean egingo dute lo, larunbateko bazkaria eta afaria norberaren kontu izango da eta igandean, bazkari herrikoia izango dute.
Izena emateko Interneten jarri duten galdetegia bete behar da. Bihar da azkeneko eguna. Informazio gehiago, beasain@gureeskudago.eus helbidea.