Aralarko mendizale txabola larunbatean zabalduko dute, berritu ondoren. Gailurrerantz elkarteak gaur hasiko du Mendi Astea, 'Everest' filmarekin. Oiduegiko txabola izango da aurten ardatza
![OIDUIKO_TXABOLA](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/09/OIDUIKO_TXABOLA.jpg)
Gailurrerantz mendizale elkartearen aurtengo Mendi Astea gaur hasiko da. Hiru egunetan garatuko dute egitaraua, eta Aralarko parke naturalean elkarteak kudeatzen duen Oiduegiko txabola izango da guztiaren muin. Otsailean suak erabat kiskali ondoren, zantzuen arabera nahita, auzolanean berreraiki dute aterpea. Larunbatean izango da irekiera ekitaldia.
Festa txiki batekin, alai bukatu nahi dute Oiduegiko txabolan urte hasieran goibel hasi zen etapa. «Hau guztia mendi elkarteko bazkideen eta ez bazkideen auzolanari esker egin da. Han aritu garen guztiok harro sentiarazi gaituen puntu bat giro ona izan da. Hori horrela izanda, ez genuke etapa hau festa txiki bat egin gabe bukatu nahi», diote Gailurrerantzeko kideek.
Larunbatean, 08:00etan Zaldibiako plazatik Oiduegira mendi ibilaldia hasiko da. 11:00-12:00ak aldera irekiera ekitaldia egingo dute, eta 14:00etan paella bazkaria. Txartelak aurrez erosi behar dira (helduak 15 euro, umeak 10 euro). Bazkalondoren, haur jolasak, bertsolariak eta trikitilariak izango dira. Elkarteak edarien taberna eta kamiseta-salpostua ere jarriko du.
Bi ikus-entzunezko
Aurrez, Mendi Astean, gaur Everest filma emango dute (21:30, kultur etxean). Ostiralean, berriz, Oiduegiko auzolanari buruzko bideoa (22:30, antzokian).