Irimogaine orientazio probaren bigarren edizioa igandean izango da
Igandean Irimogaine orientazio probaren bigarren edizioa egingo dute. Parte hartzaileei mapa bat emango diete eta bertan kokatuta egongo diren balizak aurkitu beharko dituzte. Batzuek besteek baino puntu gehiago ematen dute
Igandean Irimogaine orientazio probaren bigarren edizioa egingo dute. Parte hartzaileei mapa bat emango diete eta bertan kokatuta egongo diren balizak aurkitu beharko dituzte. Batzuek besteek baino puntu gehiago ematen dute eta puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du. Aurtengo berrikuntza nagusia herritik irtengo direla da.
Iaz irteera Santa Barbaran kokatu zuten eta baliza guztiak Irimo mendiaren magalean zeuden. Aurten gehienak Irimon egongo dira, baina herrian ere jarriko dituzte.
Parte hartzaileek bi proba izango dituzte aukeran: hiru ordukoa eta lau ordukoa. Hiru-koan edonork parte har dezake. Laukoak, berriz, eremu zabalagoa hartuko du eta desnibel handiagoa egongo da. Hauentzat mapa interpretatzea zailagoa izango da.
Parte hartzaileei 08:45ean egingo diete ongi etorria, Ederrena pilotalekuan. 09:30ean hitzaldi tekniko bat emango diete eta 10:00etan lau orduko probakoak abiatuko dira. 10:30ean, berriz, hiru orduko proba egingo dutenak irtengo dira.
Egunari amaiera emateko, opariak zozkatuko dituzte. Gainera, mendizaleei mokadutxo bat emango diete indarrak berritzeko.
Izen-ematea dagoeneko itxita dago. Aurten 264 lagunek parte hartuko dute (iaz baino 50 gehiago). Erdia, gutxi gorabehera, adituak izango dira.
Iñaki Casas antolatzaileak orientazio proba hauetan edonork parte har dezakeela gogoratu du. «Parte hartzaile bakoitzak bere helburua ezartzen du eta bere erritmoa jarraitzen du. Iaz familiak, bikoteak, lagun kuadrillak, adineko jendea eta punta-puntako parte hartzaileak izan genituen».
Oso kirol dibertigarria dela dio. «Jendeak oso zaila dela uste du, baina mapa hartu orduko balizen bila abiatzen dira. Bost minutu nahikoa dira egin beharrekoa ulertzeko eta helburua zehazteko».
Denbora oso azkar pasatzen dela gehitu du. «Erlojuari begiratzen diotenean, denbora oso azkar pasatzen dela ikusten dute».
Halako proba bat antolatzeak lan handia ematen duela aipatu du. «Mapa hutsetik hasita egin behar da. Bertan, pista, bide eta bidexka guztiak azaltzen dira. Baita iturriak, errekastoak, ikaztegiak, zuhaitz bereziak… ere». Aurtengo mapa iazkoa baino handiagoa da eta 2016ko abenduan ekin zioten handitzeari.