Altzagan eta Gaintzan hasi dituzte San Migel jaiak
Gaur hasi eta igandera arte, herriko festa nagusiak, San Migel jaiak dituzte Altzagan eta Gaintzan. Gaur hasi dituzte biek ere festak, mahaiaren bueltako ekitaldiekin.
Gaintzakoak izan dira aurrenak. Eguerdiko ordubata pasatxoan bota dute suziria. Aurten, herriko tabernariak izan dira txupina botatzeko ardura izan dutenak. Segidan, Zapotxin udaletxeko ganbaratik plazaraino jaitsi da. Mahai inguruan bildu dira gero herritarrak, hamaiketako ederra egiteko. Osagai nagusia, nola ez, Gaintzan ohikoa den mondeju zuria izan dute.
Altzagan berriz ordubiak aldera ekin diote festari. Artea elkartean bildu eta herri bazkaria egin dute. Aitor Sarriegi eta Iban Urdangarin bertsolariak eta Gari eta Iñaki trikitilariak izan dituzte lagun.
Bi herrietan, iluntze partean jarraituko du festak, gaintzan mozorrotuen poteoarekin eta herri afariarekin; eta Altzagan, frontenis partidekin (asteburuko egitarau osoa behean).
ALTZAGA
Bihar · 10:00-13:00 eta 16:00-18:00. Haur parkea eta puzgarriak. · 20:00. Herri afaria. · Ondoren. Mozorro gaua. Gaia: Baserria. · Gauean. Iñigo DJa. Igandea · 11:30. Altxorraren bila jolasa. · 18:00. Herri kirolak: Ugaitz Mugertza eta Iñaki Azurmendi aizkoran; Idoia Etxeberria eta Joseba Ostolaza harri jasotzen. Herriko gazteen proba mistoak. · 19:00. Sagardo dastaketa, txorizoa eta gazta. GAINTZA Bihar · 12:00. Fronteniseko finala. · 17:00. Puzgarriak. · 18:30. Patata-tortilla lehiaketa. Unai Eizagirre ‘Attola’ eta Haritz Garmendia trikitilariak. · 21:00. Herri afaria. · Ondoren. Kontzertuak: Belaño eta Bedeinkatuak taldeak. Igandea · 12:00. Txirrindulari igoera. · 17:00. Kulki Artzainen parkea. · 19:00. Mondejua eta ardoa. · 19:00. II. Argazki Lehiaketa. · Egun osoan. Matx eta Urru trikitilariekin erromeria.