Ate berriak irekitzeko leihoa
Ordiziako Zuhaizti zentroaren Aktiba zaitez! egitasmoaren barruan dago zibergelaren eskaintza. Ordenagailua erabiliz adineko pertsonak aktibo mantentzea da funtsa.
Aurreikuspenek diote, gazteak baino adineko gehiago egongo den gizarte baterantz goazela. Osasun eta gizarte hobekuntzak dira gure gizartean bizitzaren luzera handitzeko arrazoi nagusia, jaiotze tasaren beherakadarekin batera. Adina zenbaki bat baino ez dela pentsa dezakegu ordea, Ordiziako Zibergelako erabiltzaileak ezagutu ondoren. Aktibatu zaitez! egistamoaren barruan, zahartzaro aktiboa bultzatu nahi duen egitasmoa alegia, adinekoek ordenagailuak eta Internetaren erabileran ezagutza eskura dute.
Jabier Barandiaranek 67 urte ditu, Jesus Alvarezek 73 eta Mari Karmen Zurutuzak 72. Ordiziakoak dira hirurak, eta Zuhaizti zentroan dagoen zibergelako erabiltzaileak dira. Ez hori bakarrik, «boluntario lanak ere egiten» dituzte bertan, «beste pertsona batzuei laguntzeko helburuz», azaldu du Barandiaranek.
Aktibo izan, gazte sentitu
Arrazoi desberdinek bultzatuta hasi ziren Barandiaran, Alvarez eta Zurutuza Zuhaizti zentroko zibergelan. Baina hirurek bat egiten dute gauza batean; «aktibo izatea, gazte sentitzeko modu bat da» eta horrez gain, «pertsonak zahartu ahala, bizi kalitatea hobetu ahal izateko modua ere bada». Aktibo mantentzeak «osasunarentzat, autoestimarentzat eta norberaren animoarentzat» dituen onuren adibide dira hiru ordiziarrak.
Erosketak egiteko, banketxeetako kudeaketarako, informatzeko, aisialdirako, komunikatzeko eta beste hainbat eta hainbat gauzatarako geroz eta gehiago erabiltzen da Interneta gaur egun. «Atzean ez gelditzeko aukera ematen du zibergelak», adierazi dute.
Komunikatzeko bide berria
Pakita Iztuetak 75 urte ditu, eta Zuhaiztin dagoen zibergelako ohiko erabiltzailea da. Orain dela bederatzi urte jarri zen lehenengo aldiz ordenagailu baten aurrean. Internetak ematen dituen aukeren jakitun, hainbat ikastaro egin zituen eta bere kabuz praktikatzen ere aritu zen. Boluntarioek ere «asko lagundu» ziotela argitu du, eta gaur-gaurkoz «bakarrik moldatzen» da, «gauzatxoak egiteko». Ordenagailua erabiltzen jakiteak, «aukera asko eta ate berriak» ireki dizkiola aitortu du.
Orain egunero, atzerrian dituen alabekin hitz egiteko Interneta erabiltzen du. Horrek eta ikasitako beste guztiak, «poz handia» sortzen dio Iztuetari. Horregatik, ordenagailu baten aurrean sekula jarri ez diren adieneko guztiei, «beldurra kendu eta zibergelara etortzera animatu nahi» ditu. Gainera, Barandiaranek argitu bezala, «zibergelako ordenagailuak beldur hori kentzeko egokienak dira, zerbait gaizki eginez gero, boluntarioak laguntzeko egongo direlako».
Martxan 2008. urtetik
Zuhaiztiko zibergela, 2008. urtetik dago martxan, La Caixa fundazioaren Gente 3.0 programari esker, eta gaur egun, Zuhaizti zentroak adineko pertsonentzat duen Aktiba zaitez! egitasmoaren barruan sartzen du eskaintza hori, tokiko adineko pertsonak aktibo mantentzeko helburuarekin. Interesa duenak, Ordiziako Zuhaizti zentroan eska dezake informazioa.
Zibergelako ikastaroak
· Informatikan hasteko ikastaroa. Informatikaren oinarrizko ezagueren ikastaroa. Urriaren 25era arte. 20 orduko ikastaroa da. Astelehenetan eta asteazkenetan 15:00etatik 17:30tara. · Argazki tratamendua eta aurkezpen digitalak (1). Argazkiak moldatzen ikasi eta argazkiekin aurkezpenak egiteko ikastaroa. Urriaren 25era arte. 20 orduko ikastaroa da. Astelehen eta asteazkenetan 17:30etik 20:00etara. · Argazki tratamendua eta aurkezpen digitalak (2). Argazkiak moldatzen ikasi eta argazkiekin aurkezpenak egiteko ikastaroa. 20 orduko ikastaroa. Azaroaren 13tik abenduaren 11ra arte, astelehen eta asteazkenetan 17:30etik 20:00etara. · Testu dokumentuak sortu eta diseinatu (1). Word dokumentuak sortzen ikasteko ikastaroa da. 20 orduko ikastaroa da. Azaroaren 13tik abenduaren 11ra arte, astelehen eta asteazkenetan 15:00etatik 17:30era. · Gela irekia. Norberak ikasitakoa bere aldetik praktikatzeko aukera, Izarbideko boluntarioen laguntzarekin. Boluntarioak edozein duda argitzen laguntzeko egongo dira. Goizez astelehenetik ostegunera 10:30etik 12:30era. Arratsaldez, astearte, ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 19:00etara.













