Familian egiteko ekintza sorta dakar Hip-Hip Urri! egitarauak
Urrian zehar ekitaldi sorta zabala antolatu dute Goierriko herrietan. Asteburuan jolasak, tailerrak, erakusketa eta hiru herriren arteko kultur ibilaldia izango dira
Hip-Hip Urri! familian egiteko kultur ekitaldien egitaraua bueltan da. Urrian zehar, ekitaldi ugari antolatu dituzte Goierriko herrietan. Tartean, herrien arteko topaketak, jolasak, tailerrak eta ibilaldi kulturalak izango dira. Asteburuan hasiko dira aurreneko ekitaldiak Ordizian, Idiazabalen, Ormaiztegin, Beasainen, Gabirian eta Ataunen.
Europa mailan ospatzen den October Children proiektuan oinarrituta sortu zen Hip-Hip Urri! egitasmoa. Donostian egin zuten aurreneko ekitaldia, baina pixkanaka Euskal Herriko bazter askotara joan da zabaltzen. Goierriko herriek 2015ean egin zuten bat ekimenarekin, eta aurten ere, egitarau zabala osatu dute.
Herrien arteko topaketak
Hip-Hip Urri! egitarauaren barruan kultur ekitaldi ugari egingo dituzte urrian zehar, baina horietan berezienak, herrien artean egingo dituzten topaketak dira. Aizkorpe bailarko umeek egindako eskulanak, esaterako, herriz herri ibiliko dira datozen asteetan. Gabiria, Ormaiztegi eta Beasain artean ibilaldi antolatu dute iganderako. Eta hilaren 21ean, Arama, Gaintza, Itsasondo eta Legorretako herritarrek txangoa, tailerra eta bazkaria izango dituzte.
Asteburuko egitaraua
Idiazabal · 6tik 11ra. Aizkorpe bailarako haurrek egindako lanen erakusketa Idiazabalen. · 7, larunbata. Sandra Clivillek familientzako fieltro tailerra egingo du, 16:00etan. Ordizia · 6, ostirala. Hitzaro euskara elkarteak antolatuta, ’Plaza bete poz’ dantzaldia, 17:00etan. Ormaiztegi · 6, ostirala. Parketarrak, familia jolasak, Urtxintxa taldeak gidatuta, 17:00etan, parkean. Beasain · 7, larunbata. Txilibutxof taldeak antolatuta, Gurpil?Festa egingo dute 2 eta 12 urte arteko umeentzat, 18:00etan, Arana kalean. Ataun · 8, igandea. Ataungo 13. Argazki Rallya, 09:00etan hasita. Kultur ibilaldia · 8, igandea. Gabiria-Ormaiztegi-Beasain kultur ibilaldia egingo dute, 09:45ean hasita. Ormaiztegin, 10:30ean, ‘Egun batez margolari’ tailerra. 13:00etan, Igartzan talo tailerra. Beasaingo Barrendain plazatik autobusa aterako da, 09:00etan. Bueltan Ormaiztegi eta Gabiriara joango da.













