Goierriko eta Tolosaldeko kantu-jira taldeek topaketa egingo dute
Goierriko kantu-jira taldeak duela hiru urte hasi ziren elkartu eta kantu topaketak egiten. Aurrenekoa Beasainen egin zuten 2014an; hurrengo urtean Idiazabalen bildu ziren, eta iaz Seguran. Hiru ekitaldi horietan, Tolosaldeko kantuzaleak ere elkartu ziren, eta hori ikusita, aurten Goierri eta Tolosaldearen arteko topaketa egitea erabaki dute. Tolosan izango da ekitaldia, urriaren 28an; egun osoko ospakizuna antolatu dute, eta bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko. Egun horretakoa “festa erraldoia” izatea nahi dutela azaldu dute antolaketa lanetan dabiltzan Tolosan Kantuz taldekoek.
Larunbata da urriaren 28a. Goizeko 11:00etan elkartu eta talde ezberdinei harrera egingo diete udaletxean. Handik, kantu-jiran abiatuko dira, Plaza Zaharra, Zerkausia, Artxiboa, Palestinarren lorategiak, Lopez Mendizabal plaza eta Triangulora joanez. Ondoren bazkaria egingo dute Zerkausian, Udaberriko Fanfarreak girotuta. 500 lagunentzako tokia prestatu dute antolatzaileek. Txartelak Tolosako Irrintzi, Beti Alai eta Xirimiri tabernetan daude salgai, 25 euroan, eta urriaren 18rako hartu behar dira. Goierrin ere, Beasain, Idiazabal, Zerain, Segura eta Zaldibiako kantu-jiretako arduradunek banatuko dituzte txartelak.