Asier Otamendik Zumaian kantatuko du igandean
Asteburu honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bi saio jokatuko dira eta horietako batean Asier Otamendi urretxuarrak abestuko du. Otamendiren saioa igan-dean izango da, 17:00etan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Ateak 16:00etan
Asteburu honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bi saio jokatuko dira eta horietako batean Asier Otamendi urretxuarrak abestuko du. Otamendiren saioa igan-dean izango da, 17:00etan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Ateak 16:00etan irekiko dira. Sarrerak agortu egin dira dagoeneko.
Urretxuko bertsolariarekin batera, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Ibon Ajuriageaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal arituko dira. Marta Ugartek gidatuko du saioa. Puntu gehien batzen dituen bertsolariak finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuko du.
Otamendi Gasteizera joan zen ikasketak egitera eta ordutik han bizi da. Arabako Bertsolari Txapelketa bederatzi aldiz irabazi du eta Prudentzio Deuna lehiaketa bost aldiz.
Bertsolari Txapelketa Nagusian zer egin behar duen garbi duela esan zion Goiberri aldizkariari. «Txapelketako zaharrena naiz eta ez daukat gora egiteko asmo handirik. Nire bertsokera nire garaiko bertsokera izango da eta ekarpen hori egin nahi dut. Era batera ikasi nuen eta haren aldarrikapen txiki bat da».
Aurtengo txapelketan bost goierritarrek parte hartuko dute. Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran final erdietarako sailkatu zen joan zen astean eta Iñaki Apalategi beasaindarrak eta Nerea Elustondo legazpiarrak puntuka sailkatzeko aukera dute. Iguaranek Durangon azaroaren 12an jokatuko den final erdietako saioan abestuko du.
Aitor Sarriegi beasaindarrak final erdietan hasiko du bere parte hartzea, duela lau urte egindako lan onagatik. Irunen izango du lehen saioa: azaroaren 1ean, 17:00etan, Artaleku kiroldegian.