Europar Batasunak ontzat eman du N-1eko bidesaria, ez dela diskriminatzailea ebatzita
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 errepidean jarri nahi duen bidesaria ez da diskriminatzailea. Hala esan du Europar Batasunak, proiektua ontzat ematearekin batera. Aintzane Oiarbide diputatuak Bide Azpiegituretako Batzordean eman du Europako ebazpenaren berri. “2016an txostena bidali genuen Europako Batzordera, eta Bide Azpiegituretako Departamentuarekin lan egin ondoren, aldeko irizpena eman du orain”.
Araudi horrek dio bidesariak ezin dituela garraiolariak jatorriaren arabera diskriminatu. Oiarbidek dio Gipuzkoaren kasuan “tarifa berezia kobratuko zaie garraiolari guztiei, eta ez da inolako beherapenik aurreikusten Gipuzkoako garraiolarientzat, neurri hori atzera botako bailuke Europako Batzordeak”. Hala, planteatu duten moduan “ez da jatorriaren edo xedearen araberako diskriminazio arazorik” sortzen.
Irun-Etzegarate tartean jarriko den peaje sistemak bi helburu nagusi dituela gogorarazi du Oiarbidek: “trafikoa orekatzea eta kanpoko garraiolariek azpiegitura hau mantentzeko ekarpena egitea”. Izan ere, N-1 errepidea “Europa zeharkatzen duen ardatzean” dagoe, eta Oiarbideren ustez, “ez da posible gipuzkoarrok bakarrik ordaintzea errepide hau mantendu eta hobetzeko lanak”.
Dagoeneko N-1eko Gipuzkoako zatian jarriko dituzten hiru arkuetatik bi jarrita daude, Irungoa eta Etzegaratekoa. Aplikazio informatikoa ere garatzen ari dira, eta “kontrol gune berria laster” aurkeztuko dutela esan du Oiarbidek.