Landa lurrak aztergai
Historian lehen aldiz, landa lur asko erabili gabe daude. Erabili gabeko lur horiek lanpostu berriak sortzeko balio dezaketela ikusirik, Goierriko zazpi udalek ...
Historian lehen aldiz, landa lur asko erabili gabe daude. Erabili gabeko lur horiek lanpostu berriak sortzeko balio dezaketela ikusirik, Goierriko zazpi udalek landa lurrei buruzko azterketa bat eskatu dute. Gaur Gabiriako kultur etxean aurkeztuko dute eta asteartean Legazpikoan. Bi aurkezpenak 18:00etan hasiko dira eta bertako herritarrei zuzenduak daude, herri horietako lurren egoera azalduko baitute.
Ikerketa hau Goimenek eta Ezkio, Gabiria, Itsaso, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalek eskatu dute. «Ezkiok eta Itsasok diagnostiko bat egin nahi zuten eta Ormaiztegiri ere eskaini genion, ondoan baitago eta beste bi herriek bezala lautada handiak baititu. Zumarragak ere diagnostikoa egitea eskatu zuen eta, hala, Bertatik Bertara egitasmoan parte hartzen duten herri guztietara zabaltzea erabaki genuen», azaldu du Goimen elkarteko Manex Aranburuk.
Landa lurren erabilpena jaisten ari da, baina bertako jakien eskaerak gora egin du eta, gainera, lurra landu nahi duten gazteak daude. Hori dela eta, erabili gabe dauden landa lurren inguruko diagnostikoa beharrezkoa zen. «Lurren egoera zein den, Arau Subsidiarioek nola eragiten dieten… aztertu beharra zegoen. Izan ere, lur hauen erabilpena jaisten ari da, baina bertako jakien eskaerak gora egin du eta lurra landu nahi duten gazteak daude. Erabiltzen ez diren lursail horiek erabiltzen hasiz gero, lanpostuak sor daitezke», gehitu du Aranburuk.
Ambientalia 21ek aipatutako zazpi udalerrientzat egindako diagnostikoaren arabera, egun erabiltzen ez diren landa lur guztiak erabiliz gero, 300 lanpostutik gora sortzeko aukera egongo litzateke.
Baserritarrak
Baina, horretarako, lur horien jabeen, baserritarren, parte hartzea behar da. Hori dela eta, lehen bi aurkezpenetara baserritarrak gonbidatu zituzten. «Baserritarrei lursail horiek aktibatzeko formula egokiak daudela erakutsi behar diegu. Baserritarrek ez dituzte beraien lurrak edonoren esku utzi nahi, baina formula batzuk denentzat egokiak dira. Hamar urterako alokairuak egin daitezke, adibidez. Horrela, lanpostuak sor ditzakegu, baserritarrek dirua lor dezakete, beraien belardiak zainduta egongo dira eta herritarrek bertako jakiak kontsumituko dituzte. Denontzat ona da».
Diagnostikoaren arabera, landa lurrak erabilita 300 lanpostu sortzeko aukera legoke
Baserritarrak inplikatu eta nekazari izan nahi duten gazteak detektatu behar dira
Baserritarren inplikazioaz gain, nekazaritzan lan egiteko prest dauden gazteak behar dira. «Nekazaritzan lan egin nahi duten gazteak, egon badaude, baina detektatzea falta da. Egitasmo hau horretarako ere baliagarria da», azaldu du Goimeneko teknikariak.
Hutsetik hastea ez da erraza, baina Aranburuk ekintzaileentzat laguntzak daudela gogoratu du. «Ikastaroak daude, diru-laguntzak daude… Gainera, egitasmo honek zazpi udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Goimenen babesa du».
Baina egitasmo honek ez du helburu ekonomikoa bakarrik. Ingurumenaren eta ondare inmaterialaren zainketa ere aintzat hartzen ditu. «Diagnostiko honek udalek landa eremu guztia ez okupatzeko ere balio du. Diagnostikoari esker, dena urbanizatzen badugu, landa eremurik gabe geldituko direla ikusi dute».
Eta landa eremuak ez dira ekonomikoki errentagarriak diren guneak eta arnasguneak soilik. Gure nortasuna gordetzen laguntzen duten tokiak ere badira. «Landa lurrak galtzen baditugu, gure nortasuna gal dezakegu. Ondarea gordetzea ez da gauzak nola egiten ziren gogoratzea, baizik eta gauzak egiten jarraitzea. Gure izaera eta kultura, egiten jarraitzen badugu gordeko dira», azaldu du Aranburuk.
Lursailak
Eta zenbat lur dago lurra lantzen jarraitu ahal izateko? Diagnostikoa eskatu duten zazpi udalerrien azalera 11.115 hektareakoa da. %67,46 basoa da, %16,78 nekazaritza-abeltzaintza eremua (transizioko landa paisaia), %7,42 babestua dago, %5,30 urbanizatua dago eta %2 balio estrategiko altuko nekazaritza-abeltzaintza eremua da.
Herri guztietan lehen sektorean lan egiten duen jende kopuruak behera egin du 1996tik 2015era bitartean. Ezkio-Itsason %7,41etik %3,69ra, Gabirian %9,38tik %1,68ra, Legazpin %1,31tik %1,12ra, Ormaiztegin %1,45etik %0.70era eta Urretxun %0,83tik %0,77ra. Zumarragan %0,74tik %0,79ra igo da. 199 lanpostu galdu dira guztira.
Pisu txikia
Lehen sektoreak oso pisu txikia du herri hauetan. Ezkio-Itsason lehen sektorearen balio erantsi gordina %1,90ekoa da eta Gabirian %6koa. Gainontzeko herrietan ez da %0,50era heltzen (2012ko datuak dira). Gainera, bi herri indartsuenetan asko jaitsi da 2000. urtetik 2012. urterara: Ezkio-Itsason %2,90etik %1,90era eta Gabirian %13,30etik %6ra.