Musika taldeek bihar probatuko dute lehen entsegu lokala
Urretxuko eta Zumarragako udalek eta aldundiak Sarraldeko lehen entsegu lokala aurkeztu dute. Musika taldeek bihar probatuko dute. Lokal hauek itsasontzietan eramaten diren edukiontziekin egin dituzte. Lau egin behar dituzte guztira.
Urretxuko eta Zumarragako udalek eta aldundiak Sarraldeko lehen entsegu lokala aurkeztu dute. Musika taldeek bihar probatuko dute. Lokal hauek itsasontzietan eramaten diren edukiontziekin egin dituzte. Lau egin behar dituzte guztira. Beste hiruak abendurako prest egongo dira.
Lehen lokala atzo goizean aurkeztu zuten. Ekitaldian Denis Itxaso diputatuak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Las Tuerkas taldeko kideek parte hartu zuten.
Luquik historia pixka bat egin zuen. «Iaz, ekaitz baten ondorioz, Sarraldeko lokalak itxi behar izan genituen. Hilabete batzuen buruan, urte bukaerarako prest egongo den proiektua aurkeztera gatoz. Egitasmo berritzaile bat da: eraberritzen ari den gune batean egingo da eta birziklatutako edukiontziekin. Eraikin honek aukera asko ematen dituela ikusi dugu».
Serranok Urretxu eta Zumarragaren arteko elkarlana eta aldundiarekin duten harreman ona azpimarratu zituen. Luquik bezala, aldundiari eta udaletako teknikariei eskerrak eman zizkien. Baita musika taldeei ere, «bere pazientziagatik».
Diputatuaren iritzia
Itxasok proiektu «eredugarri» bat dela esan zuen. «Eraikina zoragarria da eta egitasmoa elkarlanaren ondorioa da». Gipuz- koako beste herri batzuetan antzeko lokalak egokitzeko asmoa dutela gehitu zuen.
Entsegu lokala bi edukiontzi elkartuta egin dituzte. Ondoren, arroka artilearekin eta aglomeratuarekin isolatu dituzte. Entsegu lokal bakoitzak 30 metro koadro izango ditu. Herriko talde guztiek ateak zabalik izango dituzte. Eskaera kultur etxeetan aurkeztu behar dute. Hurrengo pausoa kudeaketa zehaztea izango da.
Egitasmoak 90.000 euroko aurrekontua du eta aldundiak edukiontziak erosi ditu (20.000 euro).
Aldundiak eta Urretxuk igerilekua berritzeko hitzarmena sinatu dute
Sarraldera joan aurretik, Denis Itxaso Urretxuko udaletxean egon zen. Bertan, berak eta alkateak hitzarmen bat sinatu zuten. Horren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 217.000 euro emango dizkio udalari igerilekuak berritzeko.
Igerilekua duela 27 urte ireki zen eta zaharkitua dago. Ur asko galtzen du eta makineria egoera txarrean dago. Udalak 600.000 euro inbertituko ditu. Putzua txikitu egingo da eta bertan helduen eta haurren igerilekua egongo dira. Putzu bakarrean. 1.000 metro koadro izatetik, 600 metro koadro izatera pasako da. Izan ere, orain arte igerilekuaren zati handi bat ez zen erabiltzen.
Lanak urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dira eta igerilekua ekainerako prest egongo da. Obra Sasoia Eraikuntzak enpresa nafarrak egingo du.
Luquik igerilekuak bi herriei zerbitzu ematen diela gogoratu zuen. «Aurten 25.000 erabiltzaile izan ditu».
Eskerrak eman zizkion diputatuari. «Gaurkoa egun pozgarria da. Eskerrak emateko eguna. Kopuru polita jasoko dugu. Erabaki honekin Urretxu eta Zumarragari laguntza eskaini diozue».
Itxasok datozen lau urteetan 10 milioi euro inbertituko dituztela gogoratu zuen. «10 milioi euro erabiliko ditugu kirol instalazioak eraberritzeko. Kirola egiteko erabiltzen diren instalazioei lehentasuna eman diegu eta Urretxuko igerilekua aisialdirako erabiltzen da, baina udalak egin duen lan onari esker laguntza eman ahal izan diogu», amaitu zuen.