Pasa den denboraldian Santboianaren aurkako partida. Argazkia: Ainhoa Muriel
Ampo Ordizia Katalunia aldera joango da, igandean UE Santboianaren kontra jokatzeko. Baldiri Aleu zelaian izango da neurketa, 12:00etan eta Heineken ligako Ohorezko dibisioko laugarren jardunaldiari dagokio. Santboiana taldea, estatuan errugbian hasi zen lehena da. Dena den, egoera zailean dago une honetan, aurreko hiru partidak galdu baititu.
Baldiri Aleukoek ezin izan dute aurreikusi zuten moduan taldea indartu. Hala, iaz baino maila baxuagoa dute. Dena dela, oinarrizko jokalari oso onak dituzte.
Kataluniarra talde handia bada ere, Goierrikoak ilusio eta itxaropen handiarekin bidaiatuko dute Kataluniara. Partidua irabaziz gero, Play Offak jokatzeko postuetan kokatuko lirateke ordiziarrak eta Santboi, oso ukituta geratuko litzateke. Horrez gain, ligako lehenengo fase honetan Santboi, Getxo eta Amporen artean emaitza onenak lortzen dituenak, Kopako finalerdia jokatzeko aukera izango du.
Jokalariei dagokienez, iganderako Julen Goia jokatzeko moduan izango da, aurreko igandean badaezpadako atsedena hartu eta gero. Baja dira berriz Oier Goia eta Imanol Aldanondo.