«Trikitixa gainontzeko musika tresnen pare egotea nahi dugu»
Edurne Iturbe (Urretxu, 1978) umetan hasi zen trikitixa jotzen. 13 urte bakarrik zituen irakasle lanetan hasi zenean eta makina bat ...
Edurne Iturbe (Urretxu, 1978) umetan hasi zen trikitixa jotzen. 13 urte bakarrik zituen irakasle lanetan hasi zenean eta makina bat lehiaketa irabazi du. Egun, Secundino Esnaola musika eskolako zuzendaria da. Irailaren 7an Inpernuko Poza trikitixaren jardunaldietan parte hartu zuen.
Nolatan hasi zinen trikitixa jotzen?
Etxean asko entzuten zen eta zortzi urterekin hasi nintzen. Aitari, batez ere, asko gustatzen zaio. Beti esaten du gaztetan gustura ikasiko zukeela, baina ez zuela horretarako aukerarik izan.
Norekin ikasi zenuen?
Villabonan hasi nintzen, Martinekin. 13 urte bete nituen arte hara joan nintzen. Zenbakiekin hasi nintzen, baina notekin ere ikasi nuen. Han akordeoi eskolak ematen zituen batek irakatsi zidan. Ondoren, Azkonabieta herriko musika eskolara etorri zen eta harekin jarraitu nuen.
Oso gaztetan hasi zinen irakasle lanetan.
13 urte bakarrik nituen, baina gauza normala iruditu zitzaidan. Bertako irakasle bat nahi zuten eta eskaintza egin zidaten. Ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan ematen nituen eskolak. Bide batez, musika ikasketak egin nituen. Ezin izan nintzen kontserbatoriora joan, trikitixak ez duelako bertan tokirik.
Irakaskuntza metodoak asko aldatu al dira?
Esan bezala, zenbakiekin hasi nintzen eta ondoren notekin ikasi nuen. Egun, notekin irakasten dugu. Trikitixa ikasi nahi duenak, solfeoa ikasi beharra du. Izan ere, trikitixa gainontzeko musika tresnen pare egotea nahi dugu. Garai batean musika eskoletako bitxorraroa zen. Partiturekin jotzen ikastea oso aberasgarria da.
Makina bat txapelketa irabazi duzu.
1991n trikiti pieza berrien lehiaketa sortu zen eta norberak konposatutako piezak aurkeztu behar ziren. Urtero finalera sailkatu nintzen. 1992an, 14 urterekin, bigarren saria lortu nuen. Ahizparekin jo nuen. Zabalek, Lajaren semeak, Asier Gozategik… parte hartu zuten. Sariak eman behar zituztenean atzera joateko esan nion ahizpari. «Bigarren saria, Urrats» entzun nuenean, ezin nuen sinetsi. EITBren txapelketa, berriz, hiru aldiz irabazi nuen: behin Andoni Elortzarekin eta bitan Oihana Irastortzarekin. Bestalde, Donato Goienetxe katedratikoarekin erakustaldiak egin nituen Gipuzkoako herrietan.
Zer dela eta gustatzen zaizu horrenbeste trikitixa?
Euskal kulturan oso sartua dago. Gainera, kalean jotzeko oso aproposa da, alaia da…
Zu hasi zinenean trikitixaren gorakada eman zen. Zein da egungo egoera?
Txapelketetan egun baino jende gehiagok parte hartzen zuen eta maila egungoa baino hobea zen. Trikitixak hor jarraitzen du, baina garai batean indar handiagoa izan zuen. 2000. urte inguruan EITBren txapelketak bultzadatxoa eman zion, baina egun taldeek dute arrakasta. Trikitilari gazteek nahiago dute musika taldeetan jo, txapelketetan parte hartu baino.
Ikasle asko al dituzu?
Hasieran 30 bat ikasle nituen eta egun 50 baino gehiago daude. Ikasle kopuruak gora egin du. Aretxabaletan eta Bergaran eskolak emateari utzi behar izan nion, hemengo ikasle kopuruak gora egin zuelako. Zuzendaria ere banaizenez, Imuntzo eskola ordu batzuk ematera etortzen da.
Ikasle kopuruarekin pozik zaudete, beraz.
Bai. Secundino Esnaola musika eskolan instrumentu ia guztiak ikasi daitezke, baina ez da trikitixa ikaslerik falta. Trikitixak gora egin du eta akordeoiak behera. Trikitixa ikasle kopuruak herri guztietan egin du gora. Haurrek kalean ikusten dutena nahi dute eta Urretxun eta Zumarragan trikitixak presentzia handia du herriko festa guztietan.
«Trikitixa jotzen duten musika taldeak sortzen badira, ez da arazorik egongo»
«Irakasle batek baja hartzen badu, asko kostatzen da ordezkoa aurkitzea»
«Gehien gustatzen zaidan trikitixa pieza Aitor Furundarenaren ‘Slalom’ da»
«Trikitilariok trikitixa kontserbatorioan sartzeko lan egin beharko genuke»
Inpernuko Poza jardunaldietan parte hartu duzu. Zein ondoriotara heldu zara?
Erika Lavillard-Isasik, Aritz Alustizak eta hirurok parte hartu dugu. Ikuspuntu erabat ezberdinak ditugu. Aritzek zenbakiekin eta notekin irakasten du eta Erikak aurrez-aurre irakasten du (entzunez ikasi). Bestalde, Erika kontserbatorioan ikasten ari da. Hemen trikitixa ez da instrumentu ofiziala, baina Iparraldean kontserbatorioko titulua ateratzeko aukera du. Kontserbatorioan ematen dituzten ikasgaiak trikitixarekin lantzen ari da. Hemen hori izango bagenu! Utopikoa da. Trikitilari guztiok elkartu egin beharko ginateke hori eskatzeko, baina elkarri partiturak uzteko gai ere ez gara. Oso itxiak gara. Trikitixa kontserbatoriora sartuko balitz, jotzeko modu egokiena zehaztuko litzateke: soinua nola hartu, hauspoa nola erabili, eskuak nola jarri… Hori ez dago zehaztuta eta bakoitzak bere erara egiten du. Hala, gehiegi nabaritzen da trikitilari bakoitzaren maisua nor den.
Nola ikusten duzu trikitixaren etorkizuna?
Nire ustez, aurrera egingo du. Trikitixa jotzen duten taldeak sortzen badira, ez da arazorik egongo. Egungo arazoa irakasle falta da. Norbaitek baja hartzen badu, asko kostatzen da ordezkoa aurkitzea.
Zein da zure trikitilari kuttuna?
Kepa Junkera. 1994an habilitazio ikastaro bat egin zen eta eskolak Juan Mari Beltranek eta Kepa Junkerak eman zizkiguten. Sekulako dominioa du. Bera eta Tapia dira onenak.
Trikitixa pieza bat?
Aitor Furundarenaren Slalom. Trikitixa pieza berrien lehiaketarako konposatu zuen eta, bera akordeoilaria denez, Epelde anaiek aurkeztu zuten. Ufa… Sekulako pieza da. Habilitazio ikastaro hartan Junkerak kanta bat jotzeko esan zidan eta Slalom jo nuen. Oso pieza zaila da. Egun ez nuke jotzen asmatuko.
Plaza bat?
Santa Isabel egunean oso gustura jotzen dut. Bakoitzak ordu erdi dugu jotzeko eta jende askok dantza egiten du. Aristerrazuko erromeria ere sekulakoa da. Hiru orduko emanaldia da eta inork ez dio dantza egiteari uzten.
Zein izan da zure emanaldi bereziena?
Duela lauzpabost urte Getxoko trikitixa jaialdian parte hartu genuen. Bizkaitarrak oso be-roak dira eta hori eskertzekoa da. Eromena izan zen.