'Atzegixperience' lelopean Atzegi elkarteak adin ezberdinetako pertsonak animatu nahi ditu boluntario izatera eta esperientzia “ahaztezinak” bizitzera.
Adimen urritasuna duten pertsonen eta haien familien elkarteak, Atzegik, 2017ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur goizean Beasainen. Atzegixperience lelopean, adin ezberdinetako pertsonak elkartera erakarri eta boluntarioek egiten duten lana balioan jartzea dira aurtengo kanpainaren helburu nagusiak.
Beasaingo agerraldian, Malu Valles, Beasaingo ongizate saileko zinegotziak; Olatz Miranda, Atzegiko aisialdi, parte hartze eta boluntariotzako arduradunak eta Naroa Barandiaran eta Maria Amolategi boluntarioek hartu dute parte.
Vallesek, Beasaingo udalaren izenean, boluntarioek egiten duten lana eskertuz hasi du prentsa agerraldia. Adimen urritasuna duen haur baten ama izanik, “eskertza bikoitza” dela adierazi du.
Atzegiko Olatz Mirandak aurtengo kanpainaren nondik norakoak agertu ditu. Atzegixperience lelopean modan dauden esperientzia kaxei keinu bat eginez, “boluntarioek adimen urritasuna duten pertsonekin partekatzen dituzten esperientziak bizitzeko” gonbitea luzatu du. Adimen urritasuna duten pertsonen bizitzan boluntarioek duten garrantzia azpimarratu du, “hauei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren aisialdiaz gehiago gozatu edo gizartean aktiboki parte hartzeko aukera dute. Horrek hobetzen du auren gizarteratzea”, esan du.
Amaitzeko, Barandiaranek eta Amolategik boluntario gisa bizitako esperientziaren berri eman dute. Bi eta hiru urte daramate, hurrenez hurren, Atzegirekin elkarlanean. Biak ala biak, Beasaingo Atzegiko dantza irakasleak dira. Bat etorri dira, bizitako esperientziak merezi duela esaterako orduan.