Mendiko Gaztaren II. Jardunaldiaren baitako ekimena izan da, gaiaren inguruan hausnarketa egiteko helburuz.
Bigarren urtez ari dira ospatzen Ordizian Mendiko Gaztaren jardunaldiak. Jardunaldien baitan mendiko gaztaren azoka ere zabaldu dute gaur arratsaldean Ordiziako plazan. Claudio Chiapucci, Marino Lejarreta eta Txomin Perurena txirrindulari ohiak izan dira azoka irekitzeko ardura izan dutenak.
Atzerapenarekin, 18:00ak inguruan egin diete dantzariek ohorezko aurreskua txirrindulari ohiei eta Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiako kideei. Ondoren, Chiapuccik, Lejarretak eta Perurenak azokaren irekiera irudikatu duen zinta moztea egin dute eta jarraian mendi gazta ezberdinak dastatzeko aukera izan dute. Azoka, gaur arratsaldean eta bihar eguerdira arte egongo da zabalik.
Hiru txirrindulari ohiak, bihar goizean Lejarretaren omenez Ordizian egingo den Klasikoan parte hartuko dute.
Azoka ireki aurretik eta ondoren —etenaldia egin dute azoka irekitzeko—, gaztaren inguruko eragile ezberdinek jardunaldia egin dute Ordiziako udaletxean. Leire Arandia Idiazabal Gazta Kofradiako kideak esan duenez, “jardunaldi hauen helburua mendiko gaztaren inguruko hausnarketa bat egitea da”. Horretarako gaztaren munduarekin harreman zuzena duten teknikariek eta mendiko gazta egiten duten artzainek hartu dute parte jardunaldian “bai batzuek zein besteek gustura hartu dute jardunaldia eta hori da pozgarriena”, esan du Arandiak.