Batzuri Punk, punkaren onenera bidaia
Gaur-gaurkoz, gazteen artean reggaetoia hain hedatuta dagoen gizarte honetan, musika komertzial mota hori baino harago, beren aukera egiten jakin duten gazteak ere egon ...
Gaur-gaurkoz, gazteen artean reggaetoia hain hedatuta dagoen gizarte honetan, musika komertzial mota hori baino harago, beren aukera egiten jakin duten gazteak ere egon badaude. Beste asko eta asko bezala, «punkarekin hazi» direla esaten dute Batzuri punk talde ordiziarreko bost kideek. «Musika hori entzuten den tokietan mugitu» dira eta txikitatik ezagutu dituzten talde horien bertsioak egiten dituzte –Potrotaino, Eskorbuto, Cicatriz edota Deskontrol besteak beste–, nahiz eta Euskal Herriak bizitako punkaren onenak ez dituzten gertu-gertutik ezagutu.
Ianire Herzog, Susana Barreiro, Jone Bendoiro eta Jon Aranburu dira Batzuri Punk taldearen sortzaileak. Orain gutxi, batu zaie bosgarren laguna, Luken Mendiguren. Orain dela urtebete pasatxo sartu ziren proiektu honetan, «juerga egun bateko komerien ondorio».
Ordiziako gazte hauek adierazitakoaren arabera, «kuadrillako lagun batek musika talde bat sortzeko proposamena bota eta baietz esandakoen artean jaio zen Batzuri Punk». Eskorbutoren antzera hasi zirela esan daiteke, «musika ezagutzarik izan gabe», baina horrek ez zituen atzera bota.
Hasieran, txantxa zirudien ideia hartatik, pixkana eskualdeko gazteen artean indarra eta jarraitzaile ugari dituen taldea bilakatzen ari da eta dagoeneko, kontzertu ugari eman dituzte Goierriko hainbat gaztetxe, herrietako jai edota bestelako ospakizunetan. Baita Goierritik kanpoko beste hainbat tokitan ere.
Lehen kontzertua
Iaz, Ordiziako Euskal Jaietan igo ziren lehenengo aldiz eskenatoki batera Batzuri Punkekoak, Ordiziako Gaztetxean. Gustuko dozena bat abesti prestatu zituzten eta «urduri, oso urduri» igo ziren taula gainera. Euskal Jaiak oso errotuta dauden jaiak dira Ordizian eta gaztetxea jendez beteko zela bazekiten. Lehenengo hartan, normala den bezala, urduritasuna nagusitu bazen ere, uste baino gusturago gelditu ziren emandako itxura eta emaitzarekin. Kontzertua entzuten egon zen jendea ere «gustura gelditu» zela esaten dute eta horrek, «jarraitzeko animoak piztu» zizkiela ere gehitzen dute.
Taldea sortu zenetik urtebete pasata, Batzuri Punkek bere lehenengo abestia sortu du, Ciegos. Erlijioari buruz hitz egiten duela adierazten du Herzog-ek. «Erlijioak begiak ixten dizkigula adierazten du kantuak eta horri kontra egin behar zaiola aldarrikatu nahi» dute. Etorkizun laburrean, «aldarrikapenak egiteko kantuak sortzen jarraituko» dutela nabarmendu dute.