26 orduz kantuan
Zaldibiarrek Izan Kantuz egitasmoa sortu eta munduko errekorra jarri nahi dute 26 orduz jarraian euskaraz kantuan arituta. Horretarako, azaroaren 10eko 18:00etatik azaroaren ...
Zaldibiarrek Izan Kantuz egitasmoa sortu eta munduko errekorra jarri nahi dute 26 orduz jarraian euskaraz kantuan arituta. Horretarako, azaroaren 10eko 18:00etatik azaroaren 11ko 20:00etara arteko hitzordua finkatu dute.
Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko aldarrikapenarekin bat eginez, Izan Kantuz egitasmoa sortu berri dute Zaldibian. Euskal kantugintza tresna gisa hartuta, belaunaldi desberdinetako sentimenduak berreskuratzeko, trukatzeko eta elkartzeko helburua dute. «Kantuak lotzen gaitu gazteak eta ez hain gazteak, emakumeak eta gizonezkoak, munduaren alde batekoak eta bestekoak», diote antolatzaileek. Era berean, kantagintzaren bidez, euskararen balioa azaleratu nahi dute, «euskal kantagintzak izan duen, egun duen eta etorkizunean ere izango duen garrantzia ahal den gehiena zabalduz eta ezagutaraziz».
Helburu horiek lortu ahal izateko erronka handia jarri dute mahai gainean: «Baietz 26 ordu igaro euskarazko abestiak kantatzen!». Erronka betez, munduko errekorra jarri nahi dute. Official Word Record elkarteak ziurtatuko du 26 orduz abesten jardungo dutela. «Euskal Herriko zenbait elkarteetako kideek osaturiko batzorde batek ere ziurtatuko du erronkaren garapena».
Lekua eta ordua
Erronkarako lekua eta ordua finkatua dute dagoeneko: Zaldibiako Herri Antzokian, aza-roaren 10ean 18:00etan hasi eta azaoaren 11ko 20:00etan amaituko dute. Bakarka edo taldeka abestu ahal izango da, baina gehienez hiruko taldeetan abestu ahal izango da. Herri Antzokiaren kanpo aldean karpa bat ere muntatuko dute, eta 26 orduz herritarrak bertan biltzeko hainbat zerbitzu eskainiko dituzte ekimenak irauten duen denbora guztian.
Zaldibiatik haragoko herri erronka bezala proposatu dute egitasmoa, «zaldibiar oro eta inguruko lagunak ekimen ludiko eta kultural honen inguruan elkartzea eta elkarlanean aritzea» baitu helburu. Baldintza taldeko kantarietako bat zaldibiarra izatea bada ere, euskal herritar orori irekita dago; «beharrezkoa izanez gero, dinamizatzaileak sartuko dira taldeetan abestera». Ehunka lagunen parte hartzea derrigorrezkoa da, 26 orduak kantuan aritzeko 400 abestitik gora kantatu beharko dira.
Izena eman behar da
Parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da. Antolakuntzak egitarau moduko bat jarraituko du, eta aurrez egongo da zehaztuta abestien ordutegia. Abestiak ezingo dira errepikatu eta abestiak karaoke formatuan abestuko dira. Antolakuntzak aurreratu duenez, euskal kantagintzaren ardatz izan diren eta izango diren abeslariak gonbidatuko dituzte, «euskal kantagintzako milaka abesti horien sortzaileei nola edo hala eskerrak emateko».
Ekitaldia finantzatzeko
Erronka girotzeko eta behar ekonomikoei aurre egiteko, kolore desberdinetako kamisetak eta zozketa-txartelak saltzen ari dira Zaldibian; kamisetak 10 euroan eta txartelak euro ba-tean. 26 orduei erreferentzia eginez, herriko 26 saltoki eta enpresek dohainik emandako opariak zozkatuko dituzte. Azaroaren 11n egingo dute zozketa.
Lekukoa eginda
Izan Kantuz ekimen herrikoiak jarraipena izatea nahi dute zaldibiarrek. Horretarako, Izan Kantuz egitasmoaren ikurra sortu du Santi Ormaetxeak, harrian egindakoa, «erronkari heltzen dion hurrengo herriaren esku utziko dugu gurea amaitzean». Bigarren erronka, beraz, bota dute zaldibiarrek: ea beste herriren batek gainditzen duen zaldibiarren errekorra. Lekukoa prest dute.