Euskararen sua irudikatuko du kriseiluak eta etxez etxe joango da, Ordiziako familietan euskara pizten. Udalak eta ikastetxeek proiektuan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei

Euskararen kriseilua proiektua jarriko du martxan Ordiziako Udalak. Euskararen erabilera sustatzea du helburu. Ordiziako familiei zuzendutako proposamena da. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena egin nahi die herritarrei. Joseba Aranburu zinegotziak, Euskararen Topagunea elkarteko ideiaren sortzaileak eta Ordiziako ikastetxeetako ordezkariek aurkeztu dute egitasmoa.
Hizkuntza, su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du Euskararen Kriseilua egitasmoak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako Udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau. Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako, kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. «Denok partekatzen dugun hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura dugu», nabarmendu du Joseba Aranburu zinegotziak.
Parte hartzeko gonbitea
Bi gonbidapen egin dizkiete proiektuaren hartzaileak diren lau eta zortzi urte bitarteko haurrak dituzten familiei: batetik euskararen sua bizirik mantentzea, euskararen kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea.
Bestetik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea.
Kriseilua proiektua, «euskaraz hitz egin ez baina maite dutenentzat ere zuzenduta dago», Maite Berruet ESEPeko teknikariaren esanetan. «Gizartean dauden errealitate ezberdinekin kontziente, euskararen erabilpenean, momentuz euskaraz hitz egiten ez dutenek ere, pausoak ematen hasteko aukera luzatzen die kriseiluak», gehitu du.
Internet bidez,
www.kriseilua.eus webgunearen bidez egin ahal izango da hausnarketa hori, bertan proposatzen den galdetegia erantzunez. Atala horren barruan erabilera sustatzeko dagozkion erronkak azalduko zaizkio familia bakoitzari.
Kriseilua etxez etxe
Etxez etxe ibiliko da Euskararen Kriseilua urrian hasi eta abendura arte. Astebetez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko jai bat egingo da.
Euskaren kriseiluan proiektuan parte hartzeko,
www.ordizia-euskaraz.eus webguneko galdetegia edo ikastetxean banatuko den izen-emate fitxa bete beharko dira urriaren 23a baino lehen.