Andoni Lubaki: «Fronteko argazkiak agentziei saltzeak ez du etorkizunik»
Donostiako Tabakalera eraikinean Andoni Lubaki argazkilariaren (Urretxu, 1982) ‘Sahara, 40 urteko exilioa’ ikus daiteke. Erakusketa hau igandean itxiko dute. Gatazketako argazkilaria zara. Zergatik aukeratu zenuen lanbide hau? Anaiarekin bidaia batzuk
Donostiako Tabakalera eraikinean Andoni Lubaki argazkilariaren (Urretxu, 1982) ‘Sahara, 40 urteko exilioa’ ikus daiteke. Erakusketa hau igandean itxiko dute.
Gatazketako argazkilaria zara. Zergatik aukeratu zenuen lanbide hau?
Anaiarekin bidaia batzuk egin nituen eta horrek begiak ireki zizkidan. Kuriositatea nuen eta argazkiak ateratzen hasi nintzen. Bokazioa dut, baina duela gutxi konturatu naiz.
Nondik nora ibili zara hamar urte hauetan?
30 herrialdetan egon naiz: Tailandia, Birmania, Laos, Irak, Turkia, Siria, Kurdistan, Libano, Egipto, Libia, Tunez, Aljeria, Maroko, Sahara, Mozambike… Bestalde, errefuxiatuen bidea jarraituz, Frantzian, Italian, Kroazian… egon nintzen.
Nola aukeratzen duzu nora joan?
Gatazka dagoen tokietara joaten naiz, baina gatazka guztiak ez dira armatuak. Tristea da esatea, baina merkatuak agintzen du. Kongo Iparraldean sekulako gatazka dago eta bertan gertatzen dena kontatzea gustatuko litzaidake, baina ez naiz Gobernuz Kanpoko Erakunde bat.
Freelance moduan lan egiten duzu. Agentzia batentzat lan egitea gustatuko al litzaizuke?
Oraingoz, ondo nago horrela. Aukeraketa nik egiten dut. Arriskatu egiten dut eta autonomoa izateak arriskuak ditu, baina… Dena den, ezkontza erreporta-jeak ere egiten ditut. Gure lanak gastu asko ditu eta ez dago ondo ordaindua. 2013an Alepon (Siria), agentziek lan egun bategatik 450 euro eta gastuak ordaintzen zizkidaten. Iraken bertako laguntzaile bati ordaindu behar izan nion frontera joan ahal izateko. Eguneko 450 euro kobratzen zuen. Eta agentziek 120 euro bakarrik ordaindu zidaten eguneko. Ezkontza bategatik hamar aldiz gehiago kobratzen da.
Zergatik gertatzen da hori?
Sare sozialak eta gure egoa dira errudunak. Jendeak argazkiak oso merke saltzen ditu bere lana New York Times bezalako egunkarietan ikusi ahal izateko. Egunkariak han langilerik ez badu eta argazkiak antzekoak badira, merkeen eskaintzen dionari erosten dio. Iraken unibertsitate ikasleak ikusi ditut, sekulako kamerekin, dena gurasoek ordainduta. Egunero 450 euro ordaintzen dizkiote bertako bati frontera eraman ditzan. Eta argazkiak oparitu egiten dituzte, curriculumean beraien irudiak komunikabide ospetsuetan argitaratu dituztela jarri ahal izateko. Ez dut beraien argazki onik ikusi, baina ezin dut horren aurka borrokatu. Hala, frontera joan eta agentziei saltzeari ez diot etorkizunik ikusten. Beste bide batzuk landu beharko ditut.
Zeintzuk dira bide horiek?
Erakusketak, ezkontzak, ikastaroak, liburuak, epe luzerako lanak… Tabakalerako erakusketa prestatzea bost urte kostatu zait. Basamortuan lo egin dut Polisariokoekin, kamerako bateriak autoko bateriatik kargatu ditut…
Nori ematen dizkiozu ikastaroak?
Bi urte daramatzat Gasteizen, baztertze arriskuan daudenei ikastaroak ematen. Kamerak sozializatzen laguntzen die, oso lotsatuta irteten baitira kartzelatik. Gainera, emakumeek estigma handia dute.
Egunkari oso ezagunetan argitaratu dituzu zure argazkiak.
New York Times, Le Figaro, Newsweek, The Guardian, Der Spiegel, Financial Times… Gainera, Gararekin kolaborazio akordio bat dut. Artikuluak idazten dizkiet, argazkiak argitaratzen dizkidate eta blog bat dut. Espainian, ordea, ez dut sekula argazki bakar bat saldu.
Diru aldetik ez da lan ona. Gizartea kontzientziatzea lortzen al duzue behintzat?
Hori izan zen ofizio honetara bultzatu ninduen arrazoietako bat: egia kontatzea beste batzuk jakin dezaten. Egun, ez dut horretan sinisten. Nire lana ahalik eta zintzoen egiten dut eta listo. Informazioa hor dago, baina gizarteari ez zaio asko axola. Turkiako mugan bi miloi eta erdi errefuxiatu zeuden garaian, hemengo medioek ez ziguten sinistu. Ez zuten sinisten jende horrek guztiak Europara etorri nahi zuenik. Gure etxeko ateak jotzen hasi zirenean sinistu zuten. Gauzak alda daitezkeela sinistea zinikoa izango litzateke, baina zinikoa da ere gauzak aldatzeko borondaterik ez izatea.
Zein izan da gehien markatu zaituen esperientzia?
Libiakoa. Gadafiren gorpuaren ondoan egon nintzen. Alepo ere oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Presiorik gabe lan egin nuen eta nahi nuen lana egin nuen. Hango argazkiei esker atera nintzen nazioarteko medioetan. Apustua ondo atera zitzaidan. Irakeko azkenaurreko lanak ere bete nau. Toki guztietan irabazi dut zer edo zer.
Tabakaleran erakusketa ireki duzu.
Sei urtetan, urtero joan naiz Saharara. Ez nituen betiko argazkiak egin nahi. Haurrak garaipenaren keinua egiten, alegia. Psikiatrikoetan sartu nintzen eta pazienteek ni onartzea lortu behar izan nuen. Gerrako elbarrituei ere argazkiak atera nizkien. Horrek guztiak denbora asko eskatzen du. Bestalde, Polisario-koekin beraiek liberatutako tokietara joan nahi nuen. Oso aktibista izan arren, armada batek ez dizu hori nola edo hala uzten. Azkenean, lortu nuen.
Argazkiak Tabakaleran erakutsi ahal izatea gauza handia da.
Lan hau Euskal Fondoak kudeatzen du. Argazkiak Gasteizko Legebiltzarrean egon dira eta hurrengo bost urteetan herriz herri ibiliko da. Urretxura edo Zumarragara ere ekarriko dituztela pentsatzen dut. Tabakaleran egotea gauza handia da, bai. Ilusio handia egiten dit.
Zure hurrengo egitasmoa?
Azaroa bukaerara arte hemen egongo naiz eta, gero, ikusiko dut. Badut zer edo zer buruan, baina ezin dut ezer esan. Duela bi urte Txetxeniara joan behar nintzela esan nuen eta bi urte eta erdi kosta zait bertara joateko baimena lortzea.
Munduko paisaia bat?
Saharako lurralde liberatutakoa. Aguenit ingurukoa. Ez da munduko paisaia politena, baina bertan espainiarren aurka altxatu ziren eta bataila hartako tankeak ikustea sekulakoa da.
Jaki bat.
Etxean nagoenean, nire amonak prestatzen duen guztia. Kanpoan nagoenean, hummus-a. Garbantzuekin egiten den pure bat da. Herrialde haietan ez gara geldirik egoten, baina askotan lodituta etorri gara. Izan ere, arkumea ematen digute gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko. Hummus-a osasuntsuagoa da.
Gizarte bat?
Bereber gizartea. Komunitate zentzua dutelako eta emakumeak errespetatzen dituztelako.
Hiri bat.
Istanbul. Inongo zalantzarik gabe.
Lankide bat.
Lanbide honetan lagun onak edukitzea oso zaila da, esklusiba bategatik gure ama ere saltzeko gai baikara. Karlos Zurutuza, Ricardo Garcia Vilanova, Gervasio Sanchez eta laurok sekulako harremana dugu ordea. Elkarri lanak pasatzen dizkiogu. Gainera, ondo ezagutzen dugu elkar eta une oro dakigu zer egin eta zer ez. Halako toki estresagarrietan bi hilabete beste pertsona batekin ematea ez da batere erraza. Ondo jakin behar da ondokoari zer gustatzen zaion eta zer ez.













